Politika -
Eusko Legebilzarra
Erakunde sistema aztertzeko lantaldea jada sortzea eskatu du PSEk
Sozialistek salatu dutenez, Legebiltzarrak lantaldea "hiru hilabeteko epean" sortzea adostu zuen urtarrilaren 24an, eta dagoeneko lau hilabete joan dira.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak EAEren erakunde sistema aztertzeko lantaldea jada sortzeko deia egin du. Izan ere, Gasteizko Ganberak duela lau hilabete onartu zuen lantalde hori eratzea, eta oraindik ez dute gauzatu.
Pastorrek agiri batean esan duenez, Eusko Jaurlaritzak "Euskadirentzako estatus berria" lortu nahi duen arren, "ez gaitu nahasiko". "Ez dugu beste estatus bati buruz hitz egin behar, gure autogobernuaren baliabideak hobeto aprobetxatzea izan behar dugu hizpide, administrazioak eraginkorragoak izan daitezen", gaineratu du.
Buruzagi sozialistak gogorarazi duenez, Legebiltzarrak lantaldea "hiru hilabeteko epean" sortzea adostu zuen urtarrilaren 24an, eta dagoeneko lau hilabete joan dira. Lantaldeak "Gernikako Estatutuak, Lurralde Historikoen Legeak eta Udal Legeak sostengatzen duten erakunde sarea aztertzea" du helburu.
Duela bi aste, sozialistek lantaldea "premia handiz" sortzea eskatu zioten Legebiltzarreko Mahaiari, baina presidenteak "ez du presarik" onartzeko, horien esanetan.