Politika -

Epaiketa

Barcinari tartak bota zizkioten lagunak epaitu ala ez erabakiko dute

Justiziari errespetua agertu dio Barcinak. Bestalde, defentsa abokatuaren iritziz, 'neurriz kanpokoa' da fiskalak egindako 5 urteko kartzela zigor eskaera.

Barcinari tartak jaurti zizkioten unea. Argazkia: eitbcom
Barcinari tartak jaurti zizkioten unea.
Barcinari tartak jaurti zizkioten unea. Argazkia: eitbcom

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen aretoak gaur erabakiko du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak bota zizkioten lau lagunak epaituko dituen ala ez. Gorka Ovejero, Ibon Garcia, Julio Martin eta Mikel Alvarez dira auzipetuak.

Goizean, ikustaldia egin dute ateak itxita Auzitegi Nazionalean, epaimahaiak lau inputatuak epaitu ala ez erabaki aurretik. Fiskaltzak eta Barcinaren abokatuak kasua epaitzeko eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Horien esanetan, bitkima eta lau inputatuak nazionalitate espainiarra dute, eta beharrezko baldintzak betetzen dira.

Gonzalo Boye defentsaren abokatuak azaldu duenez, Auzitegi Nazionalak ez dauka auzia epaitzeko eskumenik, gertaera atzerrian gertatu zelako, eta Frantziak auzi horregatik ikerketa bat zabaldu zuelako.

Edonola ere, Auzitegi Nazionalak auzia bere gain hartzea erabakitzen badu, defentsaren abokatuak kasazio helegite bat aurkeztuko du Auzitegi Gorenaren aurrean.

Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Akusazio partikularrak, ordea, bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du Gorka Ovejerorentzat, eta beste seina urte eskatu ditu Ibon Garcia Garrido, Julio Martin Villanueva eta Mikel Alvarez Forcada auzipetuentzat. Defentsa abokatuaren iritziz, 5 urteko kartzela-zigor eskaera "neurrigabea" da.

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak agintaritzari atentatua egitea leporatu zien lau kideei, asteroko agerraldiak ezarri zizkien, eta pasaportea kendu zien.

Tartak bota zizkioten Barcinari

2011ko urriaren 27an jazo zen gertaera Frantziako Tolosan, Pirinioetako Lan Elkartearen bileran batean.

Fiskalaren arabera, Gorka Ovejero Arruazuko alkatea Yolanda Barcinarengana gerturatu zen, eta karpetan ezkutatuta zeraman tarta jaurti zion. "Segidan, Julio Martinek eta Ibon Garciak beste bi tarta bota zizkioten burura", azaldu du Fiskaltzak. Ondoren, Mikel Alvarez inguratu omen zen mahaira, erasotzaileei babesa eskaintzeko.

Ekintza hori Mugitu Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak hartu zuen bere gain. Ekintza egin zuten egun berean, ohar bat kaleratu zuten, protesta horren zergatiak azaltzeko. Salatu zutenez, AHTa Nafarroan ezartzeko egin zuen lana "eskertu" nahi izan zioten Barcinari.

Justiziari errespetua agertu dio Barcinak

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak justiziari "errespetua" agertu dio. Auzitegi Nazionalak auziaren gaineko erabakia gaur hartuko duela uste du.

"Gertaera horiek ez ziren gertatu beharko, autoritatearekiko errespetu falta adierazten dutelako", azaldu du.

Fiskaltzak 5 urteko kartzela zigorra eskatu izanaz galdetuta, ez du iritzirik eman nahi izan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea