Politika -
Aiete Jauregian
Lokarrik bakerako 'gomendioak' aurkeztuko ditu gaur, Donostian
ETAri, presoen kolektiboari eta Gobernuari zuzendutako 12 "aholku" dira. Txosten horrek Foro Sozialean eztabaidatutako hausnarketak jasoko ditu.
Erredakzioa
Bake Prozesurako Foro Sozialak martxoan abiatutako lanen ondorioak aurkeztuko dituzte astelehen honetan Lokarrik eta Bake Bidean plataformak, Donostiako Aieteko Jauregian. Hori horrela, ETAri, presoen kolektiboari eta Gobernuari zuzendutako 12 "aholku" izango dira. Dokumentu horrek Foro Sozialean eztabaidatutako hausnarketak jasoko ditu.
Ekitaldia antolatu dutenen arabera, "agindua baino, gomendioa da". "Ez diogu inori esango zer egin behar duen", azpimarratu dute. Hala ere, "presoek egindako mina aitortzea oso garrantzitsua izango litzateke bake-prozesurako". Halaber, dokumentuak hainbat eskaera jasoko ditu, tartean, ETA desarmatzea eta Gobernuak prozesuan parte-hartze handiagoa izatea.
Aurkezpen ekitaldia Donostiako Aiete Jauregian izango da. Hor bertan izan zen 2011. urteko urrian Lokarrik antolatutako Donostiako Bake Konferentzia. Topagune horretan nazioarteko hainbat buruzagi izan ziren, tartean Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia. Aieteko Konferentziak behin betirako su-etena eskatu zion ETAri eta, handik hiru egunera, jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri zuen ETAk.
Hainbat auzi, eztabaidagai
Martxoaren 14an eta 15ean Iruñean eta Bilbon izandako nazioarteko hainbat hizlarik parte hartuko dute gaurko hitzorduan ere. Martxoko topagune horietan hainbat gai aztertu zituzten, hala nola "desarmatzea, Giza Eskubideen bermea, iheslariak gizarteratzea eta iraganari nola aurre egin" Ekimen horretan EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren hainbat kidek parte hartu zuten.
Ordutik hona, Foro Sozialaren antolatzaileek hainbat plataformarekin hausnarketak partekatu dituzte, eta lan horren emaitza Aieten aurkeztuko dituzten 12 ondorioetan islatu dute.
Bestalde, Brian Currin abokatu hegoafrikarra asteazkenean heldu zen Euskadira, eta azken egunotan GIC Nazioarteko Harreman Taldeko bitartekariekin bildu da, ETAk su-etena iragarri zuenetik prozesuaren egoera aztertzeko eta alderdi politikoen arteko eztabaida sustatzeko asmoz.