Politika -
Auzitegi Nazionala
Epaiketak Bilduri 'kalte egitea' duela helburu esan du Ibazetak
Donostiako alkatearen idazkari ohia Auzitegi Nazionalean epaitu dute, Espainiako selekzioaren zale batzuei mehatxu egitea egotzita.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen idazkari ohiak, Josetxo Ibazetak, epaileak errugabe jotzea espero duela eta bere aurkako epaiketak Bilduri "kalte" egiteko "pultso politikoa" dela adierazi du.
Ibazeta Auzitegi Nazionalean epaitu dute, Eurokopako garaipena ospatzen ari ziren Espainiako selekzioaren zale batzuei mehatxu egitea egotzita.
Azken adierazpena egiteko txandan, Ibazetaren abokatuak errugabe jotzea eskatu du, eta hiru zaleek (lekuko babestuak izan dira epaiketa honetan) "iraindu" eta "zirikatu" egin zutela argudiatu du. "Ez zen ezer gehiago gertatu, gainerakoa gezurra da", gaineratu du.
Horren ildotik, "Googlen kontsultatuz", hiru lekuko babestuak Zarautzeko Udaleko zinegotziak direla egiaztatu duela azaldu du abokatuak. Horrenbestez, horren esanetan, ez da "sinesgarria" Ibazeta nor den ez zekitela esatea. "Bideoa Ibazetari berari eta Bilduri kalte egiteko erabili zuten", deitoratu du.
Halaber, gertatutakoa delitutzat baino gehiago, faltatzat jotzea eskatu dio Alfonso Guevarra presidente duen epaimahaiari
Defentsaren esanetan, Ibazetak "ez zituen ezagutzen pertsona horiek", eta, beraz, "ez zuen inolako arrazoirik mehatxu egiteko".
Atzo, Fiskaltzak bi urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eta 10 urtez gaitasungabetzea eskatu zuen Ibazetarentzat, mehatxu terroristak eta tratu txarrak egotzita.