Politika -
Gobernu Bilera
Jaurlaritzako kideek etika eta jokabide kodea sinatu beharko dute
Sinatzaileek bere gain hartzen dute kargua uzteko konpromisoa, “jokabideko gutxieneko estandarrak bete ezean”.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak etika eta jokabide kode berria onartu du gaur. Goi-kargudun eta ente publikoetako zuzendaritza talde guztiek sinatu beharko dute eta neurriak 200 bat lagunei eragingo die, Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi duenez.
Sinatzaileek bere gain hartzen dute kargua uzteko konpromisoa, “jokabideko gutxieneko estandarrak bete ezean”. Horrez gain, dokumentuak ikuskatze sistema “zorrotza” ezartzen du: “ez betetzea berehala jakinaraziko zaio Etika Publikoaren Batzordeari, eta horrek proposatuko du berehalako kargugabetzea”.
Besteak beste, goi-kargudunek eta konfiantzako langileek jasotako opariak itzuliko dituzte, “ez dute bidaiarik onartuko” baldin eta funtzio publiko zehatzetan ez badaude eta ez dute ordainsaririk jasoko goi kargudun gisa solasaldi, hitzaldi eta jardueretan parte hartzeagatik.
Kode berria sinatzea derrigorrezkoa izango da, eta ez sinatzeak “kargugabetzea ekarriko du”.
“Gure inguruko ikuspegi publikoarekin alderatuta, oso testu berria da eta, azken helburu gisa, osotasun etikoa eta jarduera eraginkorra sustatu nahi ditu eta Eusko Jaurlaritzaren goi zuzendaritzaren parte diren pertsonen kalitatea handitu”, adierazi du Erkorekak.