Politika -
Prozedura Kriminalaren Legea
Hedabideei mugak ezartzea aztertzen ari da Gallardon
Epaileek komunikabideei sekretupean dagoen prozesu judizial baten inguruko informaziorik ez argitaratzea agindu ahal izateko aukera jasotzen du hainbat adituk proposatutako Zigor Kode Prozesalak.
Erredakzioa
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak Prozedura Kriminalaren Legeak ez duela informazioaren askatasuna mugatuko azpimarratu du, baina "sekretupean dauden auzietan eragin dezakeen nahasmena, ahalik eta gehien mugatzeko" hainbat neurri ezarriko dituela aitortu du.
Hala erantzun die Gallardonek Gobernuak izendatutako aditu batzorde batek proposatutako Zigor Kode Prozesal polemikoaren inguruan galdetu dien kazetariei. Proposamen horrek, hain zuzen, epaileek komunikabideei sekretupean dagoen prozesu judizial baten inguruko informaziorik ez argitaratzea agindu ahal izateko aukera jasotzen du.
Horren harira, Gallardonek informazioa "lehen mailako" eskubidea dela esan du, eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak hala jasotzen duela.
"Hori dela eta, guk neurriak hartu behar ditugu, Prozedura Kriminalaren Legearen baitan egingo dugu, sekretupean dagoen edozein auzitan izan daitekeen nahasmena ahalik eta gehien mugatzeko", esan du Gallardonek. Dena den, "informazioaren eskubidea mugatuko duen neurririk" ez dela ezarriko azpimarratu du segidan.
Horrez gain, epaileen aditu taldeak proposatutako beste neurri baten garrantzia azpimarratu du Gallardonek. Hain zuzen ere, sekretupeko sumarioak "mugagabe" ez luzatzekoa, horrek prozesuari "nahasmena" eragiten diola argudiatuta.