Politika -
Legebiltzarra
Estatutuaren Eguna jai-eguna ez izatea eskatuko du EAJk
Joan den legegintzaldian, PSEk eta PPk, UPyDren babesarekin, urriaren 25a (Gernikako Estatutuaren urteurrena) Euskadi Eguna izendatu zuten.
Erredakzioa
EAJk lege-proposamen bat aurkeztuko du aste honetan Legebiltzarrean urriaren 25eko jai-eguna, Euskadi Eguna deitutakoa, bertan behera uzteko.
Koldo Mediavilla EAJren EBBko kideak ohar baten bidez gogora ekarri du urriaren 25eko jai-eguna PSEk eta PPk ezarri zutela, UPyDren babesarekin, joan den legegintzaldian. Ildo horretan, "eta euskal gizartean tentsioa areagotzen duten polemikak saihesteko", jai-egun hori baliogabetzea eskatuko dute.
Joan den astean EH Bilduk Jaurlaritzari egindako galdera argituz, Mediavillak azaldu du Jaurlaritzari ez dagokiola jai-egunak indargabetzea, hori talde parlamentarioen eginkizuna dela.
Horrenbestez, legezko proposamena EAJren talde parlamentarioak aurkeztuko du, Jaurlaritzak beharrean. Gainera, EAJk ez du jai-egun hori beste egun batera mugitzea eskatuko, "polemikak eta tentsioak" saihesteko.
EH Bilduk "pozez" hartu du EAJren erabakia
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak pozik agertu da gaur, EAJk "kontraesanei aurre egin eta aurrez esandakoa zuzentzeko gai izan delako". Halaber, jeltzaleek beste gai batzuetan ere jarrera aldatzea nahiko luke Mintegik.
Koalizio abertzaleak egutegian aldaketa egitea proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta urriaren 25aren ordez, abenduaren 3a, Euskararen eguna, jaiegun izatea. Mintegiren esanetan, proposamen horren ondotik etorri da jeltzaleen iritzi aldaketa.
PSE: "Argi gelditu da zeintzuk diren EAJren lehentasunak eta helburuak"
EAJren iragarpenaren harira hitz egin du PSE-EEk. Euskadiko sozialsiten iritziz, argi gelditu da zeintzuk diren EAJren lehentasunak eta helburuak.
Sozialisten esanetan, "EAJk bere kontraesanak azaldu beharko ditu, eta baita Batasunaren munduarekin dituen konplexuak ere". Horien aburuz, esanguratsua da EH Bilduk proposamena egin arte, jeltzaleek Euskadiren eguna bertan behera uzteko asmoa agertu ez izana.