Politika -

Bakerako lantaldea

Fernandezek desadostasunak gaindituko diren itxaropena agertu du

Halaber, Jaurlaritzak ekainean Legebiltzarrean aurkeztuko duen Bakerako eta Bizikidetzarako planak izaera 'irekia' izango duela esan du Jonan Fernandezek.

Jonan Fernandez, Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez, Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez, Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldean 'zoru etikoa'ren inguruan sortutako desadostasunak gaindituko diren itxaropena agertu du.

Jaurlaritzak ekainean aurkeztuko duen bakerako eta bizikidetzarako planaren ardatz nagusien berri eman du Fernandezek ostegun honetan Legebiltzarreko lantaldean.

Hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldean parte hartzen dutenen artean 'zoru etikoa'ren inguruko adostasun ezaz mintzatu da.

'Zoru etiko' horrek, alegia, beste hainbat hausnarketaren artean, memoria "terrorismoari zilegitasun etikoa, soziala eta politikoa kentzeko beharrezko tresna" dela jasotzen du. EAJk eta PSE-EEk kompromiso hori berretsi zuten lantaldean, EH Bilduk, ordea, ez du oinarri etiko hori babestu.

Desadostasun horiek "gaindituko" diren itxaropena agertu du Fernandezek foroan jorratuko diren lanei esker. Edonola ere, "konfiantza klima" berreskuratzeko garrantzia azpimarratu du, eta hori ez dela "egun batetik bestera lortzen", azaldu du.

Bestalde, PPk Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean parte hartzeko bere nahia ere azaldu du Fernandezek.

 

Jaurlaritzaren bakerako eta bizikidetzarako plana

Eusko Jaurlaritzak ekainean Legebiltzarrean aurkezteko asmoa duen planak izaera "irekia" duela adierazi du Jonan Fernandezek, eta hortaz, taldeek euren ekarpenak egiteko hiru hilabeteko epea izango dutela.

Azaldu duenez, planak, beharrezko neurriak jasotzen ditu eta hiru dimentsio ditu: iraganaren, orainaren eta etorkizunaren berrikusketa kritikoa.

Jonan Fernandezek, halaber, blokeatuta dauden hainbat gairi heltzeko premia azpimarratu du, espetxe politika eta ETAren desarmea, besteak beste. Guzti hori, Fernandezen iritziz, "adostasunetik" egin behar da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea