Politika -
Epaiketa
ANk epaituko ditu Barcinari tartak bota zizkioten lagunak
Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isuna eskatu du lau akusatuentzat.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak epaituko ditu Barcinari tartak bota zizkioten lau lagunak. Izan ere, zigor arloko lehen aretoak erabaki du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak bota zizkioten lau lagunak epaitzeko eskuduna hori dela. Gorka Ovejero, Ibon Garcia, Julio Martin eta Mikel Alvarez dira auzipetuak.
Fiskaltzak eta Barcinaren abokatuak eskatu zioten Auzitegi Nazionalari kasua epaitzeko, biktima eta lau inputatuak espainiarrak direla eta horretarako behar diren baldintza guztiak betetzen direla iritzita.
Gonzalo Boye defentsaren abokatuak azaldu duenez, Auzitegi Nazionalak ez dauka auzia epaitzeko eskumenik, salatutako ekintza atzerrian gertatu zelako, eta Frantziak auzi hori argitzeko ikerketa bat zabaldu zuelako.
Idatzi horretan jaso duenez, ''ez dago akusatuak ekintza bera dela-eta bi aldiz epaitzeko arriskurik'', Frantziak auzia artxibatu zuenean ez zuelako ekintza horiek delitu ziren ala ez argitu, eta prozesuak Espainian jarraitu behar zuela argudiatu zuelako.
Defentsaren abokatuak bere garaian esan zuen Auzitegi Nazionalak auzia bere gain hartzea erabakiko balu kasazio helegite bat aurkeztuko zuela Auzitegi Gorenaren aurrean.
Eskaerak
Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Akusazio partikularrak, ordea, bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du Gorka Ovejerorentzat, eta beste seina urte eskatu ditu Ibon Garcia Garrido, Julio Martin Villanueva eta Mikel Alvarez Forcada auzipetuentzat. Defentsa abokatuaren iritziz, 5 urteko kartzela-zigor eskaera "neurrigabea" da.
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak agintaritzari atentatua egitea leporatu zien lau kideei, asteroko agerraldiak ezarri zizkien, eta pasaportea kendu zien.
Tartak bota zizkioten Barcinari
2011ko urriaren 27an jazo zen gertaera Frantziako Tolosan, Pirinioetako Lan Elkartearen bileran batean.
Fiskalaren arabera, Gorka Ovejero Arruazuko alkatea Yolanda Barcinarengana gerturatu zen, eta karpetan ezkutatuta zeraman tarta jaurti zion. "Segidan, Julio Martinek eta Ibon Garciak beste bi tarta bota zizkioten burura", azaldu du Fiskaltzak. Ondoren, Mikel Alvarez inguratu omen zen mahaira, erasotzaileei babesa eskaintzeko.
Ekintza hori Mugitu Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak hartu zuen bere gain. Ekintza egin zuten egun berean, ohar bat kaleratu zuten, protesta horren zergatiak azaltzeko. Salatu zutenez, AHTa Nafarroan ezartzeko egin zuen lana "eskertu" nahi izan zioten Barcinari.