Politika -

Bigarren pausoa

Trebiñuk beste urrats erabakigarri bat egin du, Arabara batzeko

Kongresura lege organiko bat eramatea eskatu diote Trebiñuk eta Argantzunek Eusko Legebiltzarri, ostiral honetan erregistratu duten eskaeran.

Trebiñuko alkateek EAEra batzeko eskakizuna erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean. EiTB
Trebiñuko alkateek EAEra batzeko eskakizuna erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean. EiTB
Trebiñuk eta Argantzunek Arabara batzeko beste urrats bat egin dute

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trebiñuk (Burgos, Gaztela eta Leon) beste urrats bat egin du, Arabara batzeko helburuz. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan sartu ahal izateko, Espainiako Diputatuen Kongresura jotzeko eta Trebiñuko mugak aldatzeko lege organiko bat aldarrikatzeko eskatuko diote Eusko Legebiltzarrari, ostiral honetan erregistratu duten eskaeran. 

Ignacio Portilla Trebiñu Konderriko alkateak eta Roberto Ortiz de Urbina Argantzungo alkateak erregistratu dute eskaera.

Trebiñuko alkateen eskakizuna "zentzugabekeria juridikoa eta politikoa" dela adierazi du Cesar Rico Burgoseko Diputazioko presidenteak. "Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuak jarraitu beharreko bidea ezartzen du, ez kanpoko beste batzuk", gogorarazi du Ricok.

Lege organiko horrek artikulu bakarra izango luke, eta, bertan, ''egun Burgosen baitan dauden Trebiñu eta Argantzun Arabara batzen'' direla jasoko litzateke.

Legeak bi xedapen iragankor jasoko lituzke. Horietako batean, aldundien egoera jasoko litzateke; hau da, egoera berriak eragina duen aldundien osaketa bere horretan mantenduko litzatekeela, hurrengo hauteskundeak egin arte.

Bigarren xedapenak, berriz, zerbitzu publikoak jorratuko lituzke, eta, horren arabera, legea indarrean sartu eta gehienez hiru hilabeteko epean moldatuko lirateke zerbitzu publikoen egitura eta funtzionamendua.

Bi alkateak baikor dira, eta talde politikoen babesa dutela adierazi dute. UPyDk, hala ere, lasaitasun handiagoz aztertu nahi du testua.

Bigarren pausoa

Horrela, legez Burgoskoa den baina Arabako bihotzean dagoen lurralde honek bigarren pausoa eman du, EAEn sartzeko. Lehenengoa martxoaren 8an eman zuen, udalek Gaztela eta Leondik ateratzea eskatzea onartu zutenean.

Prozedura hau legezkoa da, eta Gernikako Estatutuan jasota dago.

1980. eta 1998. urteetan egindako saiakerek porrot egin eta gero, konponbidea lortzeko garaia heldu dela uste dute Trebiñuko alkateek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea