Politika -
Bisita ofiziala
Mujica: 'Euskal herritarrek asko eman ziguten, ez bakarrik abizenak'
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jose Alberto Mujica Uruguaiko presidenteak bi herrialdeen arteko harreman ekonomikoak eta kulturalak indartzeko konpromisoa hartu dute.
Erredakzioa
Uruguaira joan ziren milaka euskal herritarrei eskerrak eman dizkie Jose Alberto Mujica Uruguaiko presidenteak, "asko eman eta utzi zigutelako. Ez bakarrik izen eta abizenak, behin eta berriz erortzen garenean zutitu eta aurrera jarraitzeko beharrezko gogortasuna baizik".
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Mujicak Euskadi eta Uruguairen arteko harreman ekonomikoak eta kulturalak indartzeko konpromisoa hartu dute gaur. Bi agintariek bilera egin dute ostiral honetan, Ajuria Enea jauregian. Mujicak bilera honekin hasiera eman dio bisita ofizialari.
Jose Antonio Agirre lehendakariak 1941ean Uruguairi egindako bidaia gogorarazi du Urkulluk. Agintariek, erakundeek eta gizarteak Agirreri harrera "bikaina" egin ziotela esan du lehendakariak. "Agirreri eta Euskal Herriari egindako harreragatik eskerrik asko. Gure maitasuna, zirrara eta berotasuna sentitzea nahi dugu", erantsi du.
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jose Alberto Mujica Uruguaiko presidentea. Argazkia: EFE
Bi herrialdeen arteko "harreman historiko eta kulturalak" azpimarratu ditu Urkulluk.
Euskadik eta Uruguaik harremanetan sakondu behar dutela esan du lehendakariak. Besteak beste, industria eta tren-industria, gas sareen garapena, hezkuntza eta kultura aipatu ditu Urkulluk. "Gure harremanek bi herrialdeen ongizateari laguntzea espero dugu", esan du.
Gertutasuna eta lankidetza
"Bi herrialdeen" arteko gertutasuna eta lankidetza estutzeko gonbit egin dio lehendakariak Mujicari, biak "batera hazteko".
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jose Alberto Mujica Uruguaiko presidentea. Argazkia: EFE
"Etorkizunean gure enpresak, profesionalak, zentro teknologikoak eta unbiertsitateak proiektuak partekatzeko gai izango dira", nabarmendu du Urkulluk.
Bestalde, Amerikako herrialde gehienen bezero nagusia Txina dela gogorarazi du Mujicak, baina Uruguaik bere sustraiekin eta historiarekin harremanak galdu nahi ez dituela adierazi du, nortasun propioa "babestea" beharrezkoa delako.
"Norabide horretan mugitu behar gara", azpimarratu du Mujicak. "Burujabetasuna babesteko modurik onena elkarren mendekotasun zuhurra lantzea da", Mujicaren ahotan.