Politika -
Herrira
9 lagun atxilotu dituzte Iruñean, presoen aldeko protestetan
Bi pertsona Iruñeko kartzelan kateatu ostean atxilotu dituzte, beste zazpi Gobernuaren Ordezkaritzan eserialdia egin eta gero. Azken hauek aske utzi dituzte dagoeneko.
Erredakzioa
Josune Arriga presoa espetxetik ez adaltzea eskatzeko protestetan bederatzi pertsona atxilotu ditu Polizia Nazionalak, Iruñean.
Bi pertsona Iruñeko kartzelan kateatu ostean atxilotu dituzte. Beste zazpi Gobernuaren Ordezkaritzan eserialdia egin eta gero atxilotu dituzte. Azken hauek aske utzi dituzte dagoeneko.
Iruñeko espetxearen ateetan kateatu diren bi lagun atxilotu ditu Polizia Nazionalak, eta desordena publikoak leporatu dizkiete, Gobernuaren Ordezkaritzako iturriek jakitera eman dutenez.
Herrira plataformaren arabera, ETAko presoek pairatzen dituzten "giza eskubideen urraketa larriak" salatzen ari ziren atxilotuak.
Bestalde, beste zazpi lagun Nafarroako hiriburuaren polizia-etxera eraman dituzte. Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean protesta egiten ari ziren eta identifikatzeari uko egin diote.
Eserialdia Gobernuaren Ordezkaritzan, Iruñean. EFE
Herrirak agiri batean azaldu duenez, Ordezkaritzaren aurrean eserialdia egin dute atxilotuek Gobernuaren ordezkariari gutun bat eman eta gero. Presoen sakabanaketaren eta giza eskubideen urraketen aurka protesta egin dute.
Elkarretaratzea Bilbon
Bestalde, Herrira Bilgunea plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo, Alderdi Popularraren Bilboko egotzaren aurrean, Inma Berriozabal aske uztea eskatzeko.
Presoa A Lamako (Pontevedra) kartzelan dago eta "oso gaixo" dagoela salatu du Herrirak. "Eritasun kroniko ugari ditu eta behar bezala artatzeko espetxetik atera behar dute", ziurtatu zuten protestan.