Politika -
Gure esku dago
Erabakitzeko eskubidearen alde egingo diren ekintzak aurkeztu dituzte
Datorren urtean egingo dituzten bi ekimen aurkeztu dituzte: 3 eguneko jaialdi erraldoi bat eta Durango eta Iruñea arteko giza kate bat.
Erredakzioa
"Gure esku dago" erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrak elkartzeko ekimenak, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria sustatu nahi duen dinamikak hain zuzen, jendaurreko aurkezpena egin du Irunen, Ficoban, eta mezua zabaltzeaz gain, musika eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte.
"Eskubide demokratiko baten aldarria" dela adierazi dute eta protagonista gizartea izatea nahi dute. "Herritarrek alderdiak sinestarazteko, eta ez alderantziz", gaineratu dute.
Bi ekimen aurkeztu dituzte. Batetik, 2014ko apirilean 3 eguneko jaialdi erraldoi bat, Anoetan. Eta bestetik, 2014ko ekainaren 8an egingo dute giza katea. Durango eta Iruñea arteko giza katea izango da; 130 kilometro, eta 50.000 herritar bildu nahi dituzte.
Ander Arrese bozeramaileetako batek Euskadi Irratian azaldu duenez, "desberdin pentsatuta ere erabaki nahi dugu, eta erabakitzeko eskubidearen alde baldin bagaude, adostasunetara iritsi behar dugu". Ildo horretan, "dinamika bat sortu nahi dugu", azaldu du. "Aterki baten moduko babes bat, helburu berdinak dituztenek konfiantzazko parte-hartzeko gune bat izateko".
Erabakitzeko eskubidea herritar guztiei dagokiela defendatu dute. "Gure helburua ez da abertzaleen arteko metaketa bat sortzea, gure helburua demokraten arteko metaketa bat sortzea da herri honetan autodeterminazio eskubidea ez delako politikoa, aurre-politikoa baizik", adierazi dute.
"Ziklo berri bat ireki da. Katalunian, Eskozian, Flandrian eta hainbat tokitan ere badago eztabaida", gaineratu dute, eta ildo horretan, " Europan gertatzen ari diren mugimenduak ikusita, aprobetxatu egin behar da trena" dela esan dute.
Abestia Kirmen Uribek, Kepa Junkerak eta Eñaut Elorrietak sortu dute, baina euskal kulturgintzako aurpegi ezagun askoren parte-hartzearekin plazaratu dute.