Politika -
Auzitegi Nazionala
Epaileak kartzelatu egin ditu Gelbentzu eta Lizarribar
2002an lau atentatu egin eta sei pertsona zauritu zituen ETAko talde bateko kideak izatea leporatzen diete.
Erredakzioa
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali ditu, baldintzarik gabe, asteartean Andoainen eta Lasarten atxilotu zituzten ETAko ustezko bi kideak, 2002an lau atentatu egin eta sei pertsona zauritu zituen ETAko talde bateko kideak izatea leporatuta.
Moreno epaileak ETAko 'Izarbeltz' taldeko ustezko kideak izateagatik, erakunde armatuko kideak izateagatik, txikizioak eragiteagatik eta sei hilketa terrorista egiten saiatzeagatik inputatu ditu Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu, Auzitegi Nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Epaileak 2002an egindako lau atentaturen egileak direla uste du: Nafarroako Unibertsitatearen kontrako bonba-autoa, Zaragozako El Corte Inglesen aparkalekuko bonba-autoa; eta Azagrako (Nafarroa) Ultracongelados Virto eta Argedaseko Uvesa konpainiaren kontrako atentatuak.