Politika -
Adierazpen instituzionala
Hellinekiko harremana argitzea eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
EAJko, PSE-EEko eta EH Bilduko legebiltzakideekin agerraldia egin dute Hellinek hildako Yolanda Gonzalez gaztearen senitartekoek.
Erredakzioa
Emilio Hellin, Yolanda Gonzalez bilbotarraren hiltzaileari buruzko ikerketa bat zabaltzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, Hellinek Jaurlaritzarekin izan duen jarrera aztertzeko. Eskaera hori egiteko, adierazpen instituzional bat onartu dute ostegun honetan Legebiltzarrean.
Yolanda Gonzalez bilbotarra Langileen Alderdi Sozialistako kidea zen, eta Batallon Vasco Españoleko Emilio Hellinek hil zuen, Madrilen.
Hellinek Luis Enrique du izena orain, eta 43 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Yolanda Gonzalez hiltzea egotzita.
14 urte egin zituen kartzelan, tarte horretan, hainbat alditan ihes egiten saiatu zen eta kondena ere urratu zuen.
Otsailean hainbat hedabidek jakinarazi zutenez, Emilio Hellinek Polizia Nazionalarekin, Guardi Zibilarekin, Ertzaintzarekin eta Esquadra Mossoekin kolaboratu izan du.
Familiari babesa
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak adierazpen instituzionala irakurri ondoren, Yolanda Gonzalez gaztearen senitartekoek agerraldia egin dute EAJko, PSE-EEko eta EH Bilduko legebiltzarkideekin batera.
Aurretik birritan ihes egin arren, Hellin aske utzi izana salatu du Alejandro Arizunek, garai hartan Yolandaren mutil-laguna zenak. Halaber, Estatuko Segurtasun Indarrekin eta Ertzaintzarekin izandako harremanen inguruan ikerketa sakona egitea eskatu du.
Asier Gonzalez Yolandaren nebak, berriz, ''eskerrak'' eman dizkie talde ezberdinei, auzia argitzeko agertutako ''asmo irmoagatik''.
"Gaur egun garrantzitsua da'', esan du Asierrek, eta, Yolanda gogoratzeko asmoz, ekainaren 25ean Bilbon ekitaldia egingo dutela aurreratu du.