Politika -
Zirriborroarekin kritiko
PP: 'Bake planak Ertzaintza iraintzen du, Batasuna asetzeko'
Iñaki Oyarzabalen iritziz, "ez da bidezkoa ertzainek bizikidetzarekin eta askatasunarekin duten konpromisoa zalantzan jartzea".
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiaren iritziz, "Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza planak Ertzaintza iraintzen du; izan ere, giza eskubideekin duten konpromisoa berritzeko eskatu diete ertzainei. Horrekin Batasuna ase dute gainera".
Asteartean aurkeztu zuten plana, eta tortura salaketak ikertzea, giza eskubideen urraketen gaineko txostena egitea, ETAko biktimak eta babes legalik ez duten beste biktimak aitortzea, kartzela-politika aldatzea eta presoen gizarteratzea bultzatzea proposatzen du Eusko Jaurlaritzak.
Gaiaz azalpenak emateko prentsaurrekoa eskaini du, ostiral honetan, Iñaki Oyarzabal buruzagi popularrak, Gasteizen. Terrorismoaren aurkako borrokan eta askatasunaren alde Ertzaintzak egindako lana nabarmendu du. Salatu duenez, "ez da bidezkoa ertzainek bizikidetzarekin eta askatasunarekin duten konpromisoa zalantzan jartzea".
Planaren baitan, bizikidetzarekin eta askatasunarekin duten konpromisoa berritzeko eskatzen die Jaurlaritzak ertzainei. Halaber, ertzainei giza eskubideei eta oinarri etikoei buruzko ikastaroa ematea proposatzen du egitasmoak.
"Ez al da garrantzitsuagoa giza eskubideei eta etikari buruzko ikastaro horiek Bilduri, Batasunari eta horien inguruari ematea?", adierazi du Oyarzabalek. Horren ustez, Eusko Jaurlaritzak bere egin du Batasunaren diskurtsoa, eta Ertzaintza iraintzeari ekin dio. Erabaki horren atzean, "Batasuna asetzeko nahia dago".