Politika -
Giza eskubideen urraketak
Sortu: 'Jaurlaritzaren txostenak premisa faltsuak ditu oinarri'
Pernando Barrenaren ustez, indarkeria bukatu egin dela premisa faltsua du txostenak oinarri, ''Estatuaren indarkeriak'' oraindik jarraitu egin baitu.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen hitzetan, giza eskubideen urraketen inguruko txostena Bake eta Bizikidetza planaren ''garapena'' da, txostenak indarkeria bukatu egin dela ''premisa faltsua'' oinarri baitu. Izan ere, Sortuko ordezkariaren hitzetan ''Estatuaren indarkeriak'' oraindik jarraitu egiten du.
Txostenak 1.004 heriotza eta hilketa zenbatu ditu 1960. urtetik, "indarkeria politikoaren" ondorioz. Heriotza horietatik, 837 ETAri egotzi dizkio txostenak; 94, Estatuko Segurtasun Indarrei, eta, 73, talde parapolizialei eta eskuin muturrekoei.
Barrenak onartu du ez duela txostena xehe-xehe irakurri, baina indarkeriaren bukaera ''pertsona batzuentzat bakarrik'' existitzen dela esan du. ''Beste batzuentzat ez da bukatu, bereziki Polizia operazioen bitartez eta auzi politikoen bitartez Estatuaren indarkeria jasaten ari direnentzat''.