Politika -
Giza eskubideen urraketak
Mugica: 'Txostena oinarri izan behar duen ekarpen xume bat da'
Zuzenbide irakasle eta PPko zinegotzi oihak (giza eskubideen urraketei buruzko txostenaren egileetako bat) adierazi duenez, "oinarrizko kontuetan" ados jartzea izan dute helburu.
Erredakzioa
Ramon Mugica Zuzenbide irakasle eta PPko zinegotzi ohiaren esanetan, giza eskubideen urraketei buruzko txostena "ekarpen xumea" da, etorkizunean beste hainbat ekimenaren "oinarri" izan dadin.
Mugica txostenaren egileetako bat izan da, Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain emerituarekin; Jon Mirena Landa, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Gobernuko Giza Eskubideen zuzendari ohiarekin eta Manuela Carmena epaile eta PSE-EEren Eusko Jaurlaritzan aholkulari izandakoarekin batera.
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, ikerketa "neketsua" izan dela eta egileen arteko akordioak "oinarrizko kontuetan" etorri behar izan direla azaldu du Mugicak.
Horren esanetan, txostena "gutxieneko akordioa" da, "benetan garrantzitsu diren kontuetan" lortutako akordioa, eta etorkizunean beste hainbat ekimenaren "oinarri" izan behar du, "egiari ausardiaz aurre egiteko, eta gure buruak datu horien ispiluan begira ditzagun".
Mugicak aitortu egin du txostenak "gabeziak" ere badituela. Hori horrela, "egileetako batzuek" erantzukizunak sakonago zehaztu nahi zituzten, "baina oso zaila zen norabide horretan aurrera egitea".
Zuzenbide irakaslearen esanetan, txostena ez da biktimak alderatzeko edo parekatzeko erabili behar: "Txostena ez da bi platerdun balantza bat, batean edo bestean pisuak jarriz orekatu behar dena; plater bakarra dago, eta biktima guztiek dute pisua".
Mugicaren ustez, oso garrantzitsua da txostena "borondate onez eta zintzotasunez" irakurtzea. "Kritikatu duten askok irakurri ez dutela erakutsi dute", deitoratu du.