Politika -
LOMCE
Hezkuntza Ministerioarekin 'desadostasun sakonak' daudela esan du EAJk
Legeari osoko zuzenketa aurkezteko aukera mahai gainean jarri dute jeltzaleek, Gobernuak eskatutakoa betetzen ez badu.
Erredakzioa
Hezkuntza erreformaren edukiaren inguruan ''desadostasun sakonak'' daudela esan du astelehen honetan Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, eta Euskadiko hezkuntza eredua emaitzarik onenetakoak uzten dituenetako bat dezala azpimarratu du.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroarekin bilera egin ondoren, Estebanek esan du Lomce legearen proiektuari osoko zuzenketa aurkezteko asmoa duela EAJk. "Desadostasunak, egun, oso sakonak dira, oso handiak'', azpimarratu du Estebanek, eta, desadostasun horiek aldatzen ez badira, eta jeltzaleen eskaerak kontuan hartzen ez badira, EAJk osoko zuzenketa aurkeztu beharko duela iragarri du.
EAEko hezkuntza sistemak ''bere ezaugarri propioak'' dituela gogoratu du, eta EAJK etorkizunean berezitasun horiek mantendu eta errespetatu nahi dituela azpimarratu du.
Werti desadostasun horiek biltzen dituen ''dokumentazioa'' helarazi diotela azaldu du Estebanek, eta Ministerioaren erantzuna datozen asteotarako espero dutela esan du.
Desadostasunak
EAJko diputatuak azaldu duenez, Lanbide Heziketari dagozkion aldaketak dira desadostasunik handiena eragiten dutenak. Izan ere, EAEko LH beste erkidegoetan baino ''aurreratuago'' dago, Estebanen hitzetan.
Halaber, kanpo ebaluaketen ardura Ministerioaren esku egoteak eta DBHko laugarren maila bukatu ondoren LH edo Batxilergoa aukeratu behar izatea eta hirugarren aukera bat ez egotea dira beste desadostasun iturri nagusiak.
Hezkuntza Ministerioaren oharra
Ordubete baino gehiagoko iraupena izan du bilerak, eta bi alderdiek elkarren arteko ''hurbiltze puntuak'' agerian utzi dituzte, Hezkuntza Ministerioak ohar batean iragarri duenez. Ministerioak ''oso positiboki'' baloratu du Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketa mailan egindako lana.