Politika -

CAN auzia

Justiziak aurrera egin du Barcina inputatzeko bidean: Eta orain, zer?

Segur aski, Gorenak auzia tramitatzen hastea onartuko du, eta inputatu guztiak berriz deklaratzera deitu ditzake.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak hilabeteon edo uztailean erabakiko du Nafarroako Kutxaren (CAN) dieta irregularren auzia onartu edo ez, iturri juridikoak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez.

Iruñeko 3 zenbakiko epaitegiak Gorenera igorri zuen atzo auzia, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea inputatzea azter dezan. Izan ere, agintaria forupekoa da, eta auzitegi horrek baino ezin du inputatu.

Aipatu iturrien arabera, Gorenak auzia artxibatzea ere erabaki lezake, baina ohikoena tramitatzea onartzea da. Auzitegiak, gainera, beste instrukzio-epaile bat izendatu beharko du.

Segur aski, epaile horrek ikerketa gehiago egitea aginduko du, eta Barcina inputatu gisa deklaratzera deituko du.

Gainera, nahi izanez gero, instrukzio-epaile berriak orain arte inputatutakoak (Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia, Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Enrique Goñi CANeko zuzendari ohia) berriz deklaratzera deitu ditzake.

Auzia tramitatzea onartuko balu, ebazpena irailetik aurrera jakinaraziko luke epaileak.

Agintariek forupekoak izan behar dute?

Hainbat goi-ordezkari politiko forupekoak dira Estatuan, hala nola Espainiako Gobernuko presidentea, ministroak, gobernuburu autonomikoak eta diputatuak, bai Diputatuen Kongresukoak, bai erkidegoetako parlamentuetakoak.

Babes juridiko horren helburua jazarpen politikoen biktimak ez izatea da, baina ustelkeria auziek kolokan utzi dute pribilegio hori, buruzagi politiko askok erantzukizun penalak saihestu dituztelako, ustez delitua egin badute ere.

Forupekoa izateak, baina, ez du erabateko babesa ematen: mugatu egiten du ikerketa abiatu dezaketen auzitegien kopurua. Erkidegoen kasuan, estatutuek ezartzen dute zer epaitegitan epaituko lukete gobernu horretako presidentea.

Nafarroako Gobernuko presidentearen kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenak egingo luke ikerketa eta epaiketa, Foru Hobekuntzaren Legeko 27. artikuluaren arabera.

Euskadiko lehendakaria, baina, EAEko Auzitegi Nagusian epaituko lukete, Gernikako Estatutuaren 32.2. artikuluaren arabera. Horren adibide gisa, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria EAEko Auzitegi Nagusiko akusatuen aulkian eseri zela, Batasunarekin biltzeagatik auzibidean jarri zutenean.

Ordezkari politikoak ez ezik, Estatuko beste hainbat goi-kargudun ere dira forupekoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN), Auzitegi Goreneko eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Estatuko fiskal nagusia, kasu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea