Politika -

Bakegintza eta normalizazioa

PSE: 'Gelditzeko prest gaude, Sortuk urratsak emateko balio badu'

Bestalde, Amaiurrek lehendakariaren Bakerako Plana "osatugabea" dela esan du; EAJk Rajoyren jarrera kritikatu du; eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak "iraganeko diskurtsoak" gainditzeko eskatu dio PPri.

Rodolfo Ares (PSE). Argazkia: EITB
Rodolfo Ares (PSE). Argazkia: EITB
Rodolfo Ares (PSE). Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares PSEko koordinatzaileak adierazi du Alderdi Sozialista "astiroago joateko nahiz gelditzeko" prest dagoela, horrek bakegintzaren eta normalizazioaren bidean "Sortuk urratsak emateko balioko badu".

Alabaina, bide hori elkarrekin egiteko gutxiengo etikoak alboa batean uztea onartuko ez dutela nabarmendu du.

Aresek esan du "Batasunaren munduarekin oso zorrotza" izan behar dela, gainerako alderdien artean adostutako "oinarri etikoa" errespeta dezan, ETAren iraganeko jarduera justifika ez dezan eta ETAri emandako babesaren ondorioak bere gain har ditzan.

Amaiur: "Bakerako Plana osatugabea da'

Radio  Euskadin egindako elkarrizketa batean, Xabier Mikel Errekondok esan du Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako Bakerako Plana "osatugabea" dela, "hamarkadetako gatazka armatuaren arrazoiak biltzen ez dituelako eta indarkeria mota ezberdinak eta, ondorioz, biktima guztiak aintzat hartzen ez dituelako.

"Indarkeria ez da ezerezatik sortu; indarkeria euskal gizartea aldarrikatzen dituen eskubideen urraketaren ondorioa da", erantsi du.

Quiroga bat dator Rajoyk hartu duen jarrerarekin

Arantza Quiroga Euskadiko PPren buruzagiak esan du bat datorrela Espainiako Gobernua egiten ari den politikarekin eta erantsi du ez duela onartuko politika horren kontrako kritikarik.

ETAk eta ezker abertzaleak "antsietatea" pairatzen dutela adierazi du, "mahaiaren bestaldean inor ez dutelako eta demokraziarako bidea bakarrik egin beharko dutela ohartu direlako".

Horrez gain, Quirogak lehendakariaren Bakerako Plana kritikatu du "errealitatea lausotzen duelako, gatazkaren erantzukizuna %50ean bananduta, erantzukizun guztia gutxiengo batena denean".

Beltran de Herediak Rajoyren jarrera kritikatu du

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak salatu du Mariano Rajoyrentzat ez dela lehentasuna bakea eta normalizazio politikoa sendotzea.

"Espainiako Gobernuak ez ditu urratsak ematen eta horrek bakerako prozesua moteldu egiten du", azpimarratu du 'El Pais' egunkarian egindako elkarrizketa batean.

Garitano: 'PPk iraganeko diskurtsoak gainditu behar ditu'

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "iraganeko jarrerak" albo batean uzteko eta bakegintzaren eta normalizazio politikoaren bideari ekiteko eskatu dio Alderdi Popularrari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea