Politika -
Euskobarometroa
Euskal herritarren % 39 independentziaren alde; % 34, kontra
Ikerketaren arabera, independentziari buruzko erreferendum bat antolatzearen alde agertu da herritarren gehiengoa (% 58); % 27, berriz, galdeketaren aurka dago.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 39k independentziaren alde bozkatuko lukete balizko erreferenduma egingo balitz; % 34 independentziaren kontra agertuko lirateke; % 13k abstentzioaren alde egingo lukete; eta % 14k ez dute gai honen inguruko jarrerarik azaldu nahi izan.
Euskobarometroaren datuak dira. Sei hilabetean behin Euskal Herriko Unibertsitateak egiten duen ikerketa soziologikoaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur. Ikerketarako 1.200 elkarrizketa egin zituzten, maiatzaren 7a eta 27a bitartean.
Independentziari buruzko erreferendum bat antolatzearen alde agertu da herritarren gehiengoa (% 58); % 27, berriz, galdeketaren aurka daude; eta % 15ek ez dute erantzunik eman.
Nolanahi ere, independentziari buruzko erreferenduma bihar egingo balitz, % 39 independentziaren alde agertuko lirateke. Jarrera hori ezberdina da lurraldearen arabera. Gipuzkoan, adibidez, % 47 izango lirateke independentziaren aldeko; Araban, berriz, % 47k independentziaren kontra egingo lukete.
Balizko independentziak Europar Batasunetik kanpo geratzea edo Espainiako merkatuan tokia galtzea suposatuko baluke zer egingo luketen galdetu diete independentziaren aldekoei.
Bi kasu horietan, independentziaren aldekoen kopurua % 31ra jaitsiko litzateke; % 2k independentziaren aurka bozkatu lukete; eta % 6k bere jarrera aztertuko lukete.