Politika -

Bizkaitar Argia 2013

Bizkaiko Aldundiak biktimen aitorpenerako domina eman dio Urkulluri

ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta ''Gerra Zibilaren ondorengo frankismoaren errepresioaren'' biktima guztien sufrimendua aitortzea du sariak helburu, Jose Luis Bilbaok azaldu duenez.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. EiTB
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. EiTB
Terrorismoaren biktima guztiek jaso dute 'Bizkaitar Argia' saria

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Aldundiak 'Bizkaitar Argia' izendapena eman die gaur "indarkeria erabili duten talde guztien biktimei". Iñigo Urkullu lehendakariak jaso du domina, Foru Aldundiaren eskutik, eta, etorkizunean, Oroimenaren Institutuan izango da sari hori ikusgai.

Bilboko Foru Jauregian egin dute ekitaldia, eta, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak bertan azaldu duenez, ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta ''Gerra Zibilaren ondorengo frankismoaren errepresioaren'' biktima guztien sufrimendua aitortzea du sariak helburu.

Ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariari eman dio domina Bilbaok, ''talde aitorpen'' gisa. ''Helburua Oroimenaren Institutuan ikusgai jartzea da'', gaineratu du.

Saria jaso ondoren, Urkulluk hartu du hitza. Lehendakariak esan duenez, ''inongo ideia, aberriarekiko maitasun edo estatu arrazoi ezin zaie gailendu giza eskubideen oinarri ukiezinei'' eta, une horretan, Bilduko ordezkariek, Laura Mintegi salbu, aretotik alde egin dute, haserre.

''Elkarbizitzarako akordio etiko eta demokratikoa'' lortzearen alde egin du berriz ere lehendakariak, bertan Euskadiko lau alderdi nagusiek (EAJ, PSE-EE, PP eta EH Bildu) parte hartu dezaten.

"Beharrezkoa da, posiblea da, gure belaunaldiaren erronka nagusia da. Lehen urratsa iragana argitzea da, ETAren amaiera ezin baita haren indarkeria justifikatzen duen eta giza eskubideen urraketa justifikatzen duen historia batekin iritsi'', esan du Urkulluk.

Horren harian, lehendakariak esan du terrorismoaren biktimek ''oroimena, aitorpena eta konponketa'' merezi dutela.

PP ez da ekitaldian izan

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskadiko erakunde guztiak gonbidatu ditu ekitaldira, baina PPk ez du begi onez ikusi Bizkaiko Aldundiak ETAko biktimak gainerako biktimekin nahastea.

Hala, Bizkaiko PPk Bilbaoren jarrera kritikatu du, eta ezker abertzalearen exigentziei men egitea eta ''Bildutik gertukoak pozik izateko itxurak egitea'' egotzi dio.

Esther Martinez PPk Batzar orokorretan duen bozeramaileak azpimarratu duenez, bere alderdiak sustatu zuen sozialisten eta EAJren babesa izan zuen ekimena, eta Bildu abstenitu egin zen. ''Zer aldatu da apiriletik ekainera? Bilduren eskutitz bat Bizkaiko ahaldun nagusiari ekitaldi honen inguruak zehazteko'', kritikatu du.

Laura Mintegi EH Bilduko ordezkariak, berriz, ekitaldian egon izana azaldu du, haren hitzetan ''herri honek bakea behar baitu, egia oinarri duen bakea''.

Mintegik ''egi oso bat'' aldarrikatu du, ''erdizkako egia gezurra baita''.

"Sufrimendua jasan duten pertsona guztiei egin behar zaie omenaldia'', gaineratu du, eta Bizkaiko Foru Aldundiko ekitaldian biktima guztiak aitortuta ez daudela salatu du. Hori berau salatzeko, EH Bilduko eta ezker abertzaleko hainbat jarraitzaile bildu dira eraikinaren kanpoaldea.

Lau haizetara gogoan eta Ahaztuak elkarteek ere elkarretaratzearekin bat egin dute, "Egia, Justizia, Erreparazioa. Comisión de la Verdad. Euskal Herria" eta ''A Carrero y Melitón. Ni olvido ni perdón. No a la impunidad" lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea