Politika -
Balear Uharteak
Ihes egitea eragozteko Munar espetxera bidali du Palmako Auzitegiak
Ihes egiteko arriskua "handia" dela uste du Auzitegiak; izan ere, Balear Uharteetako Parlamentuaren presidente ohiari bi espetxe zigor (11,5 urte) ezarri dizkiote ustelkeriagatik.
Erredakzioa
Maria Antonia Munar Balear Uharteetako Parlamentuaren presidente ohia espetxera bidali du Palmako Auzitegiak arratsaldean, ihes egiteko arriskua "handia" dela uste duelako; izan ere, Balear Uharteetako Parlamentuaren presidente ohiari bi espetxe zigor (11,5 urte) ezarri dizkiote ustelkeriagatik.
Poliziaren auto batek Munar Auzitegiko egoitzatik hiriburuko kartzelara eraman du. Fiskaltzak aurretiazko neurriak eskatu zituen eta Palmako Auzitegiak gaur hartu ditu.
Can Domengeko lursailen salmentan iruzurra egiteagatik, prebarikazioagatik eta isilpeko informazioren berri emateagatik sei urteko kartzela-zigorra ezarri zion atzo Auzitegiak presidente ohiari. Era berean, Makillaje auzian 5,5 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.
Diego Gomez-Reinoren auzitegiak baldintzarik eta fidantzarik gabeko espetxea agindu du. "Justizia saihesteko" Munar ihes egiten saiatu daitekeela azpimarratu du Auzitegiak. Bi zigorren aurka helegitea aurkeztu du Munarrek Auzitegi Gorenaren aurrean. Gainera, "beste auzi batzuk zabalik" ditu Parlamentuko presidente ohiak.
Bestalde, Unio Mallorquina (UM) alderdiko buruzagi ohiak "atzerrian dirua ezkutaturik eduki dezake, alderdikide batzuk bezalaxe; dirua ihes egiteko erabili dezake", Auzitegiaren hitzetan.