Politika -

Sorturen proposamena EAJri

Prozesu soberanista 'elkarrekin' abiatzea proposatu dio Sortuk EAJri

"Burujabetzaren alde dagoen Euskal Herriko gehiengo soziala" lehenbailehen aktibatzeko deia egin du Hasier Arraizek.

Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herrian prozesu soberanista abian jartzeko eta amaieraraino eramateko indarrak batzeko proposamena egin die Hasier Arraiz Sortuko presidenteak jeltzaleei eta gainerako alderdi politikoei. Bestalde, "burujabetzaren alde dagoen gehiengo soziala lehenbailehen aktibatzeko" deia egin du.

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak atzo iragarri zuenez, jeltzaleek Euskadirentzat estatus politiko berria onartzeko prozesu bat jarriko dute martxan Eusko Legebiltzarrean, irailetik aurrera.

Hasier Arraizen esanetan, EAJren proposamena Gasteizko Ganberan eta "hortik kanpo" eztabaidatu behar da. Hala ere, ez du uste eztabaida hori jeltzaleen "lehentasuna" denik.

"Espainiar Estatua desegiten ari da, eta Katalunian independentziaren gaineko herri galdeketa egingo dute, oraindik data zehatzik ez badago ere. Egoera honetan, barkaezina litzateke Euskal Herriari nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea aitortzen diogunok elkarrekin prozesu soberanista abian ez jartzea eta amaieraraino ez eramatea", azaldu du.

Gai horretan, EAJrekin eta gainerako alderdi politikoekin ados jartzen ahalegindu behar du Sortuk, Hasier Arraizen arabera. Horren ustez, "gatazkaren ondorioez eta horiei konponbidea nola eman eztabaidatu behar da. Hori da gure agenda, eta hortaz hitz egin nahi dugu EAJrekin".

"Gehiengo soberanista aktibatzea"

"Euskaldunon gehiengoa subiranotasunaren aldekoa da, eta lehenbailehen aktibatu behar da hori", Sorturen presidentearen arabera. "Guztion artean bide bat hasi behar dugu, eta ahalik eta alderdi politiko gehienak batuta egin nahi dugu bide hori", gaineratu du.

Euskal Herriak ez dio zertan Kataluniaren bide berari jarraitu Arraizen arabera; izan ere, "baldintza eta ezaugarri bereizgarriak ditu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea