Politika -
Agerraldia Kongresuan
UPyDk Rajoyren dimisioa eskatu du, herritarrak 'gutxiestea' egotzita
Gorka Maneirok gogor kritikatu du Espainiako presidentearen atzoko agerraldia, eta 'gezurra esatea' eta demokraziari 'errespetua galtzea' leporatu dio.
Erredakzioa
UPyDk Mariano Rajoy Espainiako presidentearen dimisioa eskatu du, atzo Barcenas auziaz hitz egiteko egindako agerraldian "gezurra esatea", herritarrak gutxiestea eta "demokraziari errespetua galtzea" egotzita.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak prentsaurrekoa eskaini du ostiral honetan Bilbon, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Espainiko aktualitate politikoa izan ditu hizpide.
Rajoyren hitzaldia "lotsagarritzat" jo du Maneirok, haren esanetan "ez zituelako galderak erantzun eta ez zituelako zalantzak argitu". "Ondorioz, UPyDk Rajoyren dimisioa eskatzen du, demokraziari errespetua galtzea eta herritarrak gutxiestea egotzita".
Maneirok nabarmendu duenez, "Rajoyren agerraldia entzun ondoren eskatu dute haren dimisioa, eta ez aurretik".
EAEko gaiak ere hizpide izan ditu, eta EAJk irailean Euskadiko estatus politiko berriaz hitz egiteko ireki nahi duen debatean parte hartzeko prest agertu da.
Estatu federal, simetriko eta kooperatibo baten alde agertu da Maneiro. Autonomia Erkidegoek osatuko lukete estatu federal hori eta "guztiek konpetentzia berdinak izango lituzkete", UPyDren proposamenaren arabera. "Berdintasun gehiago eta nazionalismo gutxiago eskatzen dugu", gaineratu du.