Politika -
Barcenas auzia
PPren finantzazioa argitzeko batzordea osatzea eskatu du PSOEk
Premiazko ezohiko osoko bilkura deitzea eskatu dute ikerketa batzorde hori sortzeko, Soraya Rodriguez ordezkari sozialistak azaldu duenez.
Erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuan ikerketa batzordea osatzeko eskaera erregistratu du PSOEk ostiral honetan, PPren balizko legez kanpoko finantzazioa eta ustezko gainsoldaten ordainketen auzia aztertzeko.
Soraya Rodriguez PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, premiazko ezohiko osoko bilkura deitzea eskatu dute ikerketa batzorde hori lehenbailehen lanean hasi dadin.
PPren ustezko legez kanpoko finantzazioa, Barcenas auziarekin loturiko ustezko ustelkeria sarea eta ustezko ezkutuko kontabilitatea ikertuko lituzke Kongresuko batzordeak, Soraya Rodriguez esanetan.
Ikerketa batzordearen helburu nagusia PPren baitan ezkutuko kontabilitatea egon den argitzea izango da. Legez kanpoko dohaintzak jasotzen zituen Alderdi Popularrak, eta, diru hori baliatuta, gainsoldatak ordaintzen zitzaizkien alderdiko buruzagiei, PSOEren eskarian irakur daitekeenez.
Bestalde, ikerketa batzordeak ezkutuko kontabilitatearen arduradunen eta PPko buruzagien arteko balizko lotura ere aztertzea eskatuko dute sozialistek. Halaber, Jose Maria Aznarren Gobernuko ministro ziren garaian, Mariano Rajoyk eta PPko beste hainbat goi kargudunek legez kanpokoak diren ordainsari osagarriak jaso zituzten eta, eta PPko parlamentariek diputatu edo senatari karguekin bateraezinak diren soldatak jaso zituzten argitu beharko luke batzordeak.
Alderdi Popularrak hauteskunde kanpainak finantzatzeko legedia hautsi zuen ikertu beharko luke batzordeak, sozialisten arabera. Azkenean, batzordea egiten bada PPko eta PSOEko hiruna ordezkarik eta gainerako alderdietako beste ordezkari batek osatuko lukete eta hiru hilabeteko epea izango lukete lanerako.