Politika -
Rajoyren agerraldia
EH Bildu: 'Rajoyk herritarrei trufa egiteko baliatu zuen hitzaldia'
Hala ere, koalizio abertzalearen iritziz, sakoneko arazoa estatu espainiarraren ustelkerian datza.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Barcenas auziaz hitz egiteko Diputatuen Kongresuan egin zuen hitzaldia "iraingarria" izan zela uste du EH Bilduk; are gehiago, agerraldia herritarrei "trufa" egiteko baliatu zuela kritikatu du koalizioak.
"Rajoyk eta Rubalcabak ez dute sinesgarritasunik ustelkeriaren kontrako borrokan", adierazi du Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak, Joxean Agirre (Sortu), Axun Fernandez de Garaialde (Aralar), eta EAko Rafa Larreina eta Maiorga Ramirez ordezkariekin batera eskaini duen prentsaurrekoan.
Hala ere, "arazo nagusia ez da Rajoy, estatu espainiarraren ustelkeria baizik", EH Bilduren arabera. Ustelkeria Euskal Herrian ere errotu dela iritzi diote eta Nafarroako Kutxako auzia jarri dute horren adibide, "nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak Yolanda Barcinari salbamendu-txaleko bat eskaini dion".
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak haren urduritasuna agerian utzi du kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, EH Bilduko ordezkarien esanetan. PPren Bilboko egoitzaren finantzazioaz Barcenasek adierazpen polemikoak egin ditu, eta De Andresek horien gaineko azalpenak Arabako Batzar Nagusietan eman beharko lituzkeela zehaztu dute. "Bilboko egoitza mesedeen eta kontratuen truke egin bazen, Araban adostu zen. PPk eredu bera aplikatzen du Madrilen eta Gasteizen", gaineratu dute.
Atzoko agerraldiaren ondotik, ez du ezer aldatzerik espero Diana Urrea EH Bilduko kideak. Are gehiago, Rajoy eta Rubalcaba txanpon beraren bi aldeak direla uste du.