Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Marotok argitutzat eman ditu Barcenasek euskal PPri leporatutakoak
Gasteizko alkateak Justizia "azkar" ibiltzea eskatu du, "egia jakin eta, gero, epai irmo baten ondorioak onartu ditzagun".
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak argitutzat jo ditu Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Euskadiko PPri leporatutakoak. Barcenasek esan zuenez, Euskadiko popularrek diru beltza jaso zuten, besteak beste, Bilboko egoitza ordaintzeko.
"Ez dut arrazoirik gauzak kontatu diren bezala gertatu ez zirela pentsatzeko", esan du, Radio Euskadin.
Barcenasen adierazpenak argitaratu ostean, Euskadiko PPk kontuak erakutsi zituen. Marotoren aburuz, "esaten denarekin eta esandakoari ematen zaion sinesgarritasunarekin kontu handia izan behar da".
Euskadiko popularrek "kartzelan dagoen gizon batek leporatutakoaren aurrean defendatu behar dute", esan du Gasteizko alkateak. "Orain, Euskadiko PP izan da, bihar Valentziakoa edo beste edozein izan daiteke"; gaineratu du. Barcenasek "frogarik gabe" hitz egin du eta, hala ere, "nahaste handia" sortu da, Marotoren hitzetan.
Horrez gain, Marotok justizia "azkar" ibiltzea eskatu du, "egia jakin eta, gero, epai irmo baten ondorioak onartu ditzagun".
Mariano Rajoy Barcenasen auziaren inguruko azalpenak eman izana txalotu du. "Esatekorik badago eta gauzak azaldu badaitezke, egin behar da zalantza horiek argitu arte", esan du.