Politika -
Alkateen Bake Konferentzia
Izagirrek hausnartzeko eta parte hartzeko eskatu die PSE eta PPri
"Ezin dugu ulertu, ezta onartu ere, aurrera egiteko aukera ematen duten ekimenei oztopoak jartzea", esan du Donostiako alkateak.
Erredakzioa
Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea itxaropentsu agertu da; PSEk eta PPk "hausnarketa" egin eta Alkateen Bake Konferentzian "parte hartzea" espero du. Konferentzia Izagirrek berak antolatu du urrirako.
"Hutsegiterik ez egoteko itxaropena daukat, hemendik urrira arte egoeraz hausnartzeko denbora daukate eta parte hartzea erabaki dezakete", esan du RNE-ri egindako adierazpenetan. Izan ere, Izagirreren hitzetan, "ideologiari dagokionez, kolore ugari eta ezberdinetako konferentzia izango da".
Izagirreren ustez, "bakea eraiki eta herria normalizatzeko prozesuan gaude, eta hori da garrantzitsuena". "Ezin dugu maila gorenetan erabakiak har ditzaten zain egon; horren ordez, aurrera jo behar dugu, pixkanaka-pixkanaka, eta aurrera egite horri bultzada eman diezaiokegu tokian tokiko mugimenduekin", azpimarratu du.
Donostiako alkatearen arabera, "pertsona bakoitzak badu bake prozesuari ekarpen positiboa egitekoaukera, eta ni, alkate naizen momentutik, prozesuan aurrera egiteko ekimen ezberdinak bultzatzeko eginbehar morala daukadala uste dut".
Izagirreren hitzetan, "bake prozesuaren aurrean jarrera aktiboa izan behar dugu. Horregatik, ezin dugu ulertu, ezta onartu ere, ekimenei oztopo egiten dietenen jarrera".