Politika -
Aurreko ikasturte politikoan
'Jaurlaritzaren balantzea oso pobrea da, ideia falta izan duelako'
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak esan duenez, "alderdiek zehaztu ohi dituzte agenda eta ideiak, eta horiek izango dira akordio lotuko dutenak, Exekutiboa zer edo zer kudeatu ahal izateko".
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, joan den ikasturte politikoan Iñigo Urkulluren Gobernuaren balantzea "oso pobrea da, Jaurlaritzak ideia falta erakutsi duelako". Halaber, "alderdiek zehaztu ohi dituzte agenda, ideiak eta proposamenak, eta alderdi politikoak izango dira akordioak lotuko dituztenak, Exekutiboa zer edo zer kudeatu ahal izateko".
Europa Pressi eskainitako adierazpenetan Lopezek azpimarratu duenez, "zuhurtzia izan nahi dudan arren, egia esanda, zortzi hilabeteko agintaldian Jaurlaritzak ez du proposamen deigarriren bat ere egin". "Ekintza falta da ezagutzen dudan bakarra", deitoratu du, "Jaurlaritzak ez du ezta lege bakar bat ere onartu, oso harrigarria dena".
Lopezek gogora ekarri duenez, "herrialdearen auzi garrantzitsuei buruz alderdi politikoek zer erabakiko duten zain dago Jaurlaritza, berak inolako proposamenik egin gabe". "Egungo egoera ikusita, ez da euskal gizarteak behar duen gobernua", nabarmendu du.
Lopezen esanetan, "ekimen handiagoa duen gobernua behar dugu euskal herritarrok, dinamikoagoa, lehentasunak zehazteko, eta mahai gainean ideiak eta proiektuak plazaratzeko". PSE-EEren buruak "gauza berriak proposatzeko" eskatu dio Urkulluri, "Euskadiren hainbat arazo konpontzeko gai izateko, eta euskal herritarrekin bat egiteko".