Politika -

Tentsioa

Erresuma Batua Espainiaren kontrako neurri legalak aztertzen ari da

Erresuma Batuko Gobernuaren ahotan, "guztiz neurrigabeak" dira mugan ezarritako kontrolak. Bestalde, Gibraltarreko kontrolak "lagaezinak" direla uste du Espainiak.

Gibraltarreko muga. Argazkia: EiTB.
Gibraltarreko muga
Cameronen Gobernua neurri legalak hartzea aztertzen ari da

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batua Espainiako Gobernuaren kontrako neurri legalak hartzea aztertzen ari da, Gibraltarreko mugan kontrol gehigarriak jarrita agintari espainiarrek pertsonen joan-etorria oztopatu dutelakoan, David Cameron lehen ministroaren bozeramailearen arabera.

Ordezkari horrek prentsaren aurrean egindako adierazpenen arabera, Erresuma Batuko Gobernuaren ustez, "arrazoi politikoak eta guztiz neurrigabeak" daude mugan kontrolak ugaritzeko erabakiaren atzean.

Gibraltarreko kontrolak "lagaezinak" direla uste du Espainiak. Bestalde, Gobenua eta PSOE gatazkari buruz hitz egiteko ados jarri dira, eta neurriak adostuko dituztela jakitera eman dute.

Espainiako agintariek indarrean jarritako kontrolek bi ordura arteko atzerapenak eragin dituzte asteburuan, BBC telebista kateak jakinarazi duenez.

Downing Streetetik ez dute zehaztu zein neurri hartuko duten, baina erabakitzen dutena erabakitzen dutela Europa mailako erakundeetara joko dutela gaineratu dute.

Londresko Gobernuaren ustez, Espainiak hartutako erabakiak "arrazoi politikoek" eragin dituzte, eta "guztiz neurriz kanpokoak dira"; hortaz, Erresuma Batuko legediaren arabera, ilegalak dira.

"Neurri horiei aurre egitea erabakiz gero, seguruenik Europar Batasuna presionatuko dugu arazo hau larritzat bideratzeko", adierazi du bozeramaileak.

"Espainiak Francoren garaia berpiztu du"

Boris Johnson Londresko alkateak Madril eta Londresek bizi duten krisi diplomatikoa Gibraltarren Francisco Francoren garaian bizi zuten egoerarekin alderatu du, 'Daily Telegraph' egunkarian kaleratutako artikulu batean.

"Espainiar agintariek Francoren garaian mugan ezartzen zituzten kontrolak eta jazarpena berpiztea erabaki dute", adierazi du Johnsonek.

Londresko alkatearen iritziz, Gobernua, interes mediatikoa bere arazo ekonomikoetatik aldentzeko asmoz, Gibraltargo auzia erabiltzen ari da.

Nazioarteko erakundeak

Antza denez, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroa "Gibraltar, Erresuma Batua eta Espainiaren arteko gatazkak nazioateko erakundeen eskuetan" uztea aztertzen ari da eta Gibraltarreko Gobernua horregatik zoriondu da.

Horrela, uren gatazka nazioarteko erakundeen eskuetan uztea eskatu dio Gibraltarreko Exekutiboak Madrili. Harkaitzeko agintarien arabera, legedia euren aldekoa da, eta baita "Gibraltarreko herriaren autodeterminazioa eskubidean" ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea