Politika -
Bilboko Aste Nagusia
'Aste Nagusiaz jada gozatzen hasteko' eskatu du Ibon Aresok
Bilboko alkateordeak esan duenez, krisiaren ondorioz "jende ugari txarto ari da pasatzen, beraz, dibertsioz beteriko hainbat egun behar dituzte herritarrek".
Erredakzioa
Jone Artola Bilboko Aste Nagusiko txupineraren izendapenagatik piztutako "polemikarekin amaitzeko eta jaietako dibertsioari buruz hitz egiten hasteko" eskatu du Ibon Areso Bilboko alkateordeak.
Areso Begoñako Basilikan izan da, eta Begoñako Andra Mariri eskainitako mezan eta lore-eskaintzan parte hartu du. Bilboko alkateordeak adierazi duenez, krisiaren ondorioz "jende ugari txarto dago, beraz, dibertsioz beteriko hainbat egun behar dituzte herritarrek".
"Hemendik aurrera dibertsioari buruz bakarrik hitz egitea espero dut", azpimarratu du Aresok komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Jai-batzordea bilduko da
Bilboko Udalak jai-batzordea deituko du laster Jone Artola txupineraren izendapena bertan behera geratu ostean sortutako egoera aztertzeko. Udaleko hainbat iturrik jakinarazi dutenez, oraindik ez dakite jai-batzordea noiz bilduko den, baina txupinazoa egiteko hainbat formula ari dira dagoeneko aztertzen.
Epaile batek Artolaren izendapena baliogabetu eta gero, Bilboko Udalak ebazpena betetzeko asmoa agertu zuen. Ordutik Aste Nagusiari hasiera emango dion txupinazoa botatzeko aukera desberdinak aztertzen ari da.