Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJk ez du uste Aste Nagusiko jai eredua 'zalantzan' dagoenik
Itxaso Atutxa atsekabetuta agertu da txupineraren inguruan sortutako polemikagatik. Bere ustez, "gertatutakoak doaneko publizitatea eman dio ezker abertzaleari".
Erredakzioa
Itxaso Atutxa EAJko BBBko presidenteak esan du Bilboko Aste Nagusiaren jai eredua ez dagoela "zalantzan", azken egunetan gertatutakoa "Gobernu Ordezkaritzak sortutako polemika" baino ez dela izan. Hala ere, gertatutakoak "tristura eta atsekabea" sentiarazi dizkiola.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, polemika guztiak "ezker abertzaleari doaneko publizitatea eman diola" gaineratu du ordezkari jeltzaleak.
Atutxaren ustez, Aste Nagusiaren lehen balantzea "positiboa da, jaiak horixe bera izaten ari direlako: jaiak", eta larunbatean Udalak eta konpartsek lortutako akordioa "oso positiboa" izan zela azpimarratu du, "txupinazoaren eskitaldi instituzionala salbatu zuelako".
"Txupinazoa errespetu osoz egin zen. Pena da horrela egin behar izatea, baina Gobernuko ordezkariak jarritako oztopoa gainditu zen eta txupinaren ostean mundu guztia jai giroan zegoen", azaldu du.
Horren guztiaren harian, Itxaso Atutxak Aste Nagusiko jai ereduaren alde egin du: "eraginkorra eta jendearen gustukoa da", esan du, eta, beraz, "eredua ez dago zalantzan". "Egon den gauza bakarra Gobernu Ordezkaritzatik sortutako polemika izan da".
ETAren desarmea
ETAren desarmeari dagokionez, BBBko presidenteak esan du ETAk momentu honetan aurrerapauso bat emango balu, "Rajoyren Gobernua estualdi batean jarriko lukeela".
Hala ere, bi aldeetan "immbilismoa" ikusten du jeltzaleak, "Gobernuaren jarrera ez da aldatu eta ETAren inguruan ere ez da mugimendurik sumatzen". "Rajoyk bere alderdiak egun dituen arazoetan dauka jarrita burua eta ez omen du denborarik Euskadiren arazoaz jarduteko", gaineratu du Atutxak.
Fiskalitatearen akordioa
EAJko kideak esan duenez, fiskalitatearen inguruko akordioa irailaren hasierarako prest izango dute jeltzaleek eta PSE-EEk.
"Gauza ez da zergak igotzea ala ez, Euskadin fiskalitatea birmoldatzea da gure helburua, batez ere PFEZ eta sozietateen zergari dagokionez", aurreratu du.