Politika -
Bake konferentzia
Izagirrek dio alor bakoitzak bakerako 'ekarpenen bat' egin behar duela
Baieztatu du urrian Donostian izango den konferentziaren "helburu bakarra" gatazkan bizi edo gatazka bizi izan duten hirien esperientziak ezagutzea dela.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Jose Ignacio Munilla gotzainak bakea eraikitzeko alkateen konferentziaren harira egindako kritikari erantzun dio, eta baieztatu du alor bakoitzean bakerako ekarpenak egin behar direla, eta "ez trabak jarri".
Donostiako jaien balorazioa aurkezteko egindako prentsaurrekoan, Izagirrek esan du urrian izango den konferentziaren "helburu bakarra" gatazkan bizi edo gatazka bizi izan duten hirien esperientziak ezagutzea dela. "Ezagutzea, eztabaidatzea eta hausnartzea baino ez dugu nahi horrekin", adierazi du.
Munillak esandakoaren harira, mota honetako ekintzei "oztopoak" jartzeak "ez dio ezer onik eskaintzen Euskal Herriaren normalizazio prozesuari", gaineratu du Donostiako alkateak.
Halaber, Donostiako prelatuaren hausnarketek atentzioa eman ziotela azaldu du, "bakea lortzeko ekarpenak begi onez ikusten ez dituzten iritziak" harritu egiten dutelako beti.
Azken urteetako Aste Nagusi "jendetsuena"
Bestalde, Izagirrek adierazi du Donostiako Aste Nagusiak emaitza "bikainak" izan dituela. Azken urteetako jendetsuena izan da, programatutako 350 ekitaldietan milioi bat pertsonak baino gehiagok parte hartu dutelako.
Hala ere, alkateak Mikel Arzak eta Eduard Lapiedra gazteak gogoratu ditu, jaietan hil direlako, eta "modu batean edo bestean, Aste Nagusi hau atsekabetu dutelako".
Udalak jasotako datuen arabera, milioi bat pertsonak baino gehiagok parte hartu dute aste osoan zeharreko ekintzetan. Ekitaldi jendetsuena su-jaien lehiaketa izan da, 700.000 ikusletik gora izan baititu.