Politika -
Euskal gatazka
Biurrun: 'Gobernuak presoak gerturatu behar ditu'
ETAk desegin behar duela uste du epaileak, baina hori gertatu bitartean "ez da aitzakia egoera bidegabeak mantentzeko".
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak "presazko neurriak" hartu behar ditu kartzela politikan, eta presoak gerturatu behar ditu "justiziakoa delako", Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentearen arabera.
Horren ustez, ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki ostean, "dispertsio politikak ez dauka inolako zentzurik".
"Gobernuak ezin ditu neurri bidegabeak mantendu, hasiera batean neurri laudagarriak zirela uste bazen ere", gaineratu du.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean esandakoen arabera, ETAk desegin egin behar du, baina oraingoz ez desegitea ez da egoera bidegabeak mantentzeko aitzakia.
Biurrunen esanetan, normalizazioan aurrera egin behar bada ezinbestekoa da terrorismo delituak dituzten presoei gainerakoei ezartzen zaizkien neurri berdinak aplikatzea.
Damua adierazi duten presoei kartzela-baimenak ematearen kontra agertu dira hainbat eta hainbat herritar, baina terrorismo delituak dituztenek ere baimen horien izateko eskubidea dutela uste du Biurrunek.
Gizarteratzeaz galdetuta, Gobernuak presoei laguntza eskaini behar diela uste du, baina presoek ere beren aldetik lan egin behar dutela uste du.