Politika -

BAKERAKO LANTALDEA

'Zoru etikoa' onartzeko betebeharrari eustea eskatu du Quirogak

Bestalde, bakerako lantaldearen saioa atzeratzeko arrazoiak eskabide formal batean aurkeztea eskatu dio EAJk PSE-EEri. Saio hori hilaren 13rako aurreikusita dago.

Arantza Quirogak agerraldia egin du, atzo Rajoyrekin bildu ostean. Argazkia: Efe.
Arantza Quiroga
Arantza Quirogak agerraldia egin du, atzo Rajoyrekin bildu ostean. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldearen hastapenetara itzultzearen alde egin du, eta "alderdi guztiek" aurreko legegintzaldian adostutako "zoru etiko demokratikoa" onartzea jo du abiapuntutzat.

Quirogak agerraldia egin du gaur Donostian, atzo Moncloan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin bilera izan eta gero. Atzo, euskal ekonomia eta ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri ondoren sortutako egoera hartu zituzten hizpide nagusiki bi agintari popularrek.

Euskadiko PPko buruak bere iritzia eman du, EH Bilduko ordezkariek EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek hitzartu zituzten gutxieneko demokratikoak onartzen ez dituzten arte sozialistek bakerako lantaldearen saiora ez joatea erabaki eta gero. Haren ustez, lantaldearen hastapenetara itzultzeko "aukera berri bat dago", eta "aurreko legegintzaldian adostutako dokumentua" jo du abiapuntu gisa Quirogak.

"Ezker abertzalearen munduari begira jokatu behar dugu zorrotz, joan den legegintzaldian hitzartu genuen zoru etiko demokratiko hori onar, balekotzat jo, dezaten behinik behin", azpimarratu du Quirogak, Rajoy ere horrekin ados agertu zela esan aurretik.

PSE-EEk atzerapena formalki eskatzea nahi du EAJk

Bestalde, EAJ PSE-EEri zuzendu zaio, Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldearen hurrengo saioa (hilaren 13rako deituta dago) zergatik atzeratu nahi duen formalki azaltzea eskatzeko.

EAJko ordezkarien arabera, oraindik ez dute hori eskatzen duen agiri ofizialik jaso eta Alderdi Sozialistaren barruan ere kontraesanak ikusi dituzte.

Izan ere, jeltzaleen arabera, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak Bakerako Lantaldearen saioa egitea eskatu zion astelehenean Joseba Egibarri, EH Bilduk Bake Planera egingo dituen ekarpenetan (hilaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira) jarrera alda lezakeelakoan.

Hala ere, horren bezperan, Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak beste gauza bat iragarri zuen: sozialistek ez dute lantaldean parte hartuko, ezker abertzaleak ez badu aurreko legegintzaldian hitzartutako "zoru etikoa" beretzat hartzen. Idatzi horren ardatzak hauek dira: ETA behin betiko desagertzea eskatu, indarkeria bidegabea dela aitortu eta biktimen duintasuna sustatu.

Bestalde, PSE-EEko ordezkariek ez dute "erabat beharrezkotzat" jo eskabide formala egitea, Legebiltzarreko lantaldeen nolakotasunak malgutasun horretarako tartea uzten baitu, batzordeenak ez bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea