Politika -

BAKE PROZESUA

ETA, Gabonen aurretik armak ematen hasteko prest

Efe agentziaren arabera, ETA Gabonen aurretik armak ematen hasteko prest dago, eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak presoek bana-banako neurriak onartzeko bidea zabalduko du ohar batean.

Lokarrik martxoan Aieten antolatu zuen Gizarte Foroko une bat
Lokarrik martxoan Aieten antolatu zuen Gizarte Foroko une bat
Lokarrik martxoan Aieten antolatu zuen Gizarte Foroko une bat

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk Gabonen aurretik armagabetzen hasteko asmoa du, prozesuaren berri duten hainbat pertsonak Efe albiste agentziari emandako informazioaren arabera, eta, iragarpen horrekin batera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak beste adierazpen bat zabalduko du, presoek bana-banako neurriak onartzeko bidea irekitzeko.

Albiste agentziak "mugimendu hauen berri duten adituak" aipatuz adierazi duenez, urtea amaitu aurretik ohar bat zabaltzeko asmoa du ETAk, ustez, "nazioarteko talde batek egiaztatutako desarmatze prozesu geldoa" hasi duela iragartzeko.

Informazio horien arabera, adierazpen horretan, ETAk armen, lehergaien eta zuloen "inbentarioa" erakutsiko du, baina, dirudienez, ez du esango noiz emango dituen horiek "modu ordenatuan".

Aditu horien aurreikuspenen arabera, ETAk ez du Gobernu Zentrala kontuan hartuko, "bide itxia" baita hori, talde armatuaren ustez, eta, hasieran aztertu zuen arren, euskal erakundeak ere ez ditu aintzat hartuko. Desarmatzearen "notario" nazioarteko organo "independente" bat izatea erabaki du.

"Prozesuaren berri duten pertsona batzuek" eman eta Efe albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera, ETA ezin da denbora gehiagoz geldirik eta isilik gelditu bere presoen eta inguru politikoaren aurrean, eta agertoki hori "behar" du, jarduera armatua betiko utzi duela iragarri ondoren eta 2014ko udaberritik aurrera izango diren hauteskundeen aurretik.

Gizarte Foroaren gomendioak

Halaber, ETA armagabetzearen ondorioz espetxe onura kolektiboak jasotzea Gobernuarekin negoziatzeko bidea erabat itxita dagoen jakitun dela uste dute. Egoera hori ezker abertzaleak ere onartu du, gaurko informazio hauek diotenez, eta beste bide batzuen bila ari da.

Horietako bat Bake Prozesua Indartzeko Gizarte Foroa izan zen. Elkarrik Bake Bideanek eta nazioarteko hainbat adituk bultzatuta, martxoan egin zuten topaketa hori.

Bilera horretatik, prozesuan inplikatuta dauden guztiei bidalitako hamabi gomendio atera ziren; besteak beste, hauek: desarmatzea, presoak behin egindako kaltea aitortuta gizarteratzeko bana-banako prozesuak bideratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta dispertsioa bukatzea.

ETAk Gizarte Foroari bere ekarpenak bidaltzeko asmoa duela aurreratu zuen uztailean, ohar batean, eta hurrengo asteetan, urtea bukatu aurretik, egingo duela dirudi.

ETAren erantzuna, Efek adituengandik jasotako usteen arabera, gomendioon sustatzaileek irudikatutako bidetik joan liteke; hots, ustez, egindako kaltea aitortu, eta presoek bana-banako onurak jaso ahal izateko bidea zabalduko du. Orain arte, presoek ez dute, oro har, halakorik eskatu, ezarritako doktrina ez hausteko.

Datozen hilabeteak, gako

Desarmatzeko bidea "errazteko" eta "giro aproposagoa" sortzeko, ezker abertzaleak hiru mugarri ditu datozen asteotan, betiere iturrion arabera.

Bata, Mexikon irailaren 16 eta 17an egingo den ekitaldia; bertan, Hego Amerikako 12 pertsona ezagunek babesa emango diote bake prozesuari. Urrian, berriz, Donostiako Udalak Bakearen aldeko Alkateen Nazioarteko Biltzarra egingo du Aieten, baita diktaduren osteko trantsizio prozesuen inguruko mintegia ere.

Horrez gain, bada presoen egoera irauli dezakeen auzi bat: Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontura eman behar duen ebazpena. Doktrina ezerezean utziz gero, ehunka preso libre geratuko lirateke.

EFE agentziak aipatu dituen iturrien arabera, ez dirudi ETAren desarmatzeak atzera bueltarik duenik, eta datozen hilabeteak gako izan daitezke bide horretan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea