Politika -
Barcenas auzia
Ordenagailuen suntsiketan delitu zantzuak ikusten ditu Ruz epaileak
PPko altxorzain ohiak erabilitako ordenagailuen disko gogorrak suntsitu zituzten eta horren inguruko informazioa Plaza Castillako epaitegien eskuetan utzi du Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Erredakzioa
Luis Barcenas PPko altxorzain ohiak erabilitako bi ordenagailuen disko gogorrak suntsitu zituzten eta horren inguruko informazioa Plaza Castillako epaitegien eskuetan utzi du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. "Delitu zantzuak" ikusten ditu Ruzek; izan ere, kalte informatikoak eta delitu-estalketa izan daiteke auzian.
Ikerketa bat zabaltzeko eskatu zuten akusazioek, baina Fiskaltza kontra azaldu zen atzo. Eginbideak auziak aurrera egiteko emaitza interesgarririk ekarriko ez duela argudiatu zuen Ministerio Publikoak.
Bi ordenagailu eramangarrien disko gogorren edukia suntsitu zuen Alderdi Popularrak apirilean, Polizia Nazionaleko agenteak Genovako egoitzara joan eta hilabete bat geroago. Senatari ohiak Alberto Duran PPko abokatuaren aurka salaketa jarri zuen bere bulegoa baimenik gabe zabaltzeagatik.
Polizia Nazionala martxoaren 1ean izan zen Genovan, Barcenasek salaketa jarri zuen egun berean. Antza denez, Durani altxorzain ohiaren salaketaren berri ematera joan ziren poliziak.