Politika -
Alkartasun eguna
Diskurtso faltsua izatea leporatu dio Urizarrek Urkulluri
Alkartasun Eguna ari da ospatzen Amurrion Eusko Alkartasuna alderdia. Bertan, EAko idazkari nagusiak Iñigo Urkulluri eta EAJri diskurtso faltsua izatea leporatu die, eta kontsulta bat eskatu du.
Erredakzioa
Pello Urizarrek "diskurtso faltsua" erabiltzea egotzi die Iñigo Urkullu lehendakariari eta EAJ alderdiari. Izan ere, Urizarren arabera, "Eskoziak abiatutako bidea aldarrikatzen dutenean, Madrili baimenik eskatu gabe ez dute ezer ere egingo esaten ari dira". Ondorioz, galdeketa bat egitea exijitu du, "erabakia hartzeko momentua iritsi delako".
Urizarrek Amurrion egindako Alkartasun Egunaren ospakizunean egin ditu adierazpenok. Hitzaldi berberean, Gobernu zentrala ere kritikatu du "prozesu politikoa aurrerapausorik ematen ez duelako", eta, horri lotuta, EAJren barruan "abertzaletasuna teoria hutsa delako, eta ez praktika".
EAJ, egoera bere horretan mantentzearen alde
EAren ustez, "EAJk ez du subiranotasunaren aldeko mugimenduarekin bat egin eta 'statu quo'a aldatzeko asmorik, bere lehentasuna egoera inolako abenturan sartu barik kudeatzea delako". Horregatik, jeltzaleek "Lizarra-Garaziko Ituna, Udalbiltzakoa eta abertzaleen arteko akordioei uko egin diete, ez dute autonomiaren aldeko etapa, Ibarretxe lehendakariarena, gainditu nahi".
"Gobernu-kide izan ginen garaiari ere uko egin dio EAJk, garai hartan erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromiso zehatzak onartzera behartu genituelako", salatu du Urizarrek.
Horren harian, "Urkulluk eta Ortuzarrek Ardanza lehendakariaren garaira" eraman gaituztela adierazi du. Garai hartan, Garaikoetxea lehendakariaren denborako subiranotasun akordioak desegin zituzten, eta EA Jaurlaritzatik bota zuten independentziaren alde egiteagatik", azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Urizarren ustez, lehendakariaren proposamena "Espainia seduzitu egin behar genuela esaten zuten garaiko plana baino makalagoa da".
"Bide Eskoziarra" tranpa hutsa da
Urkulluk azken egunetan "Eskoziako bideari" buruz egindako adierazpenen inguruan ere aritu da Urizar. Bere iritziz, "diskurtso hori tranpa hutsa da, EAJk subiranotasunaren gaia Madrilen eskuetan uzten duelako. Eskozia aipatzen dutenean, Madrilen baimenik gabe ezer ez dutela egingo esan nahi dute".
EAJk Patxi Lopezi laguntzea nahi du
Halaber, "Madrilera begira egoteko jarrera horrekin, jeltzaleek argi utzi dute Patxi Lopezi Madrilera iristen lagundu nahi diotela". Urizarrek gogor kritikatu du jarrera hori, PSOEk federalismoaren alde egitea deitoratuta "milioi eta erdi kataluniar kalera atera direnean galdeketa bat exijitzeko".
Espainiako Konstituzioan, lekurik ez
"Eusko Alkartasuneko militanteek, euskal gizartearen gehiengoak, ez dugu lekurik Espainiako Konstituzioan. Eta ez dugu Espainian edo Frantzian lekurik izatea nahi. Subiranotasun politikoa eta ekonomikoa nahi dugu. Subiranotasun osoa. Estatu independentea, eta, batez ere, guri zer nahi dugun galdetzea nahi dugu. Exijitu egiten dugu", azpimarratu du Urizarrek.