Politika -
Bakegintza eta normalizazioa
'Egia eta oroimena' eskatuko dituzte, gatazka konpontzeko bidean
Ahaztuak 1936-1977 eta Goldatu elkarteek eta Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egingo dute larunbatean Zarautzen, gatazkaren kontaketa "inor alboratu gabe" egitea aldarrikatzeko.
Erredakzioa
Ahaztuak 1936-1977 eta Goldatu elkarteek eta Egiari Zor Fundazioak ekitaldi bat antolatu dute datorren larunbaterako Zarautzen, 'Egia bide, Askatasuna amets' lelopean, "egia osoa eta guztiontzako oroimena" eskatzeko.
Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan Josu Muguruzaren alaba, Ane Muguruza, eta Santi Orue, Esteba Urkiaga 'Lauaxeta'ren senidea, ere izan dira.
Idoia Muruaga Egiari Zor Fundazioko kidea eta kartzelan hildako Igor Angulo presoaren alargunak azaldu duenez, ekimen honen bidez "Euskal Herrian bizi den gatazka armatua eta politikoa inolako aurriritzirik gabe aztertzea eta konponbidearen oinarriak ezartzea bilatu nahi da".
Gogoeta horretan ezinbestekotzat jotzen dute "egia osoa" gailentzea, "hamarkada luzeetako gatazkari amaiera emateko aukera benetakoa den honetan".
"Egia osoa aldarrikatzen dugu, inor alboratu gabe eta gure historiako kontakizun garrantzitsuak direnak kaleetatik eta liburuetatik ezabatzeko ohitura txarrak baztertuta", erantsi du Muruagak.
"Helburu nagusia askatasuna lortzea da, pertsona guztietan eskubideak errespetatuta eta ekinbide politiko eta sozialaren muga bakarra herritarren borondatea izango duena", azpimarratu du.