Politika -
Elkarrizketa
Oyarzabal: 'Begi onez ikusten ez dugun akordiorik ez dugu babestuko'
Hala ere, akordioak “berez onak dira”, Oyarzabalen ustez, eta, horrenbestez, hitzarmenerako prest daudela gaineratu du.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak ez dio EAJk eta PSE-EEk adostutako itunari bere babesa emango “akordioa zuzendu” eta PPk egindako ekarpenak onartzen dituzten arte, gaur Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazi duenez. “Ez gaitu zoratzen akordio horrekin bat egiteak”, gaineratu du.“EAJk eta PSE-EEk prestatutako akordioa da, eta guk ez diogu babesa eman nahi partekatzen ez dugun akordioari. Dilistak legez aurkeztu digute, horrela hartu ala utzi, eta guk esan diegu, gure babesa emateko, gure ekarpen batzuk onartu beharko dituztela”.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Oyarzabalek esan du jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioak klase ertainari zergak igoko dizkiola. “Horrez gain, etxebizitza erosteagatik indarrean izan diren dedukzioak kenduko dituzte, eta enpresei zerga gehiago inposatuko dizkiete”.
“Akordio horren baitan gauza asko zuzendu behar dira”, azpimarratu du Oyarzabalek. “Ezinezkoa da aurrezten dutenei zigorra jartzea”.
Itun horrekin bat egiten ez badute, popularrek oposizioa egiteko “tokia” badaukatela adierazi du PPko idazkari nagusiak.
Hala ere, akordioak “berez onak dira”, Oyarzabalen ustez, eta, horrenbestez, hitzarmenak bilatzeko prest daudela gaineratu du. Itun fiskalarekin bat egiteko, klase ertainari, familiei eta enpresa txikiei laguntza gehiago eman beharko dizkiela nabarmendu du.