Politika -
'Ganbara' berezia, Errenterian
'Bakerako eta elkarbizitzarako bidea egiteko harri berria jarri dugu'
Errenteriako alkatea (Bildu) pozik da, Naiara Zamarreño ETAren biktimarekin, Imanol Aizkorreta indar parapolizialen biktimarekin eta Jose Manuel Herzog PPko zinegotziarekin solasean aritu ondoren.
XABIER GARCÍA RAMSDEN | R. EUSKADI
Ez da izan udaletxe bateko aretoan, ezta Legebiltzarrean edo irrati estudio batean ere. Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioak Errenteriako kafetegi bateko terraza aukeratu du elkarren artean oso ezberdinak diren lau lagun biltzeko.
Lau pertsona erabat ezberdin, guztiontzat gertukoa den toki batean, eta Euskadin bakea eta elkarbizitza sendotzeko helburu komunarekin, azken hori baita Errenteriako Udalak martxan jarri duen Eraikiz ekimenaren asmoa.
ETAk 1998an hildako Manuel Zamarreño Errenteriako zinegotziaren alaba da Naiara Zamarreño.
Imanol Aizkorreta ere Errenteriako bizilaguna da, ezker abertzaletik gertukoa. Indar parapolizialek bahitu eta torturatu egin zuten 1983an.
Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Bilduko kidea da, eta Jose Manuel Herzog, berriz, PPko zinegotzia eta ETAk hildako Fernando Mugicaren lehengusua.
Guztiek elkarri entzun diote, xehetasunik galdu gabe, eta emozioak gora egin du Naiara Zamarreñok eta Imanol Aizkorretak gertu-gertutik jasandako tragedien berri eman dutenean.
"Hil nahi nuen. Neure buruari tiro egin niezaion pistola bat eman zidaten, eta sakatu egin nuen; baina pistola hutsik zegoen''. Imanol Aizkorretaren hitzak dira horiek. Hunkituta gogoratu du torturatu eta bi urteko semea hiltzeko mehatxua egin zioten unea.
"Hunkitu egin naiz, nire aita ere hemen egotea nahiko nukeelako, bere historia kontatzen'', esan du Naiarak. Burrunba entzun eta teletestua jarri zuenean jakin zuen bere aita hilda zegoela. ''Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut, baina uste dut aurrera egin behar dugula. Denok, alderdi batekoak zein bestekoak izan, taberna bateko terrazan elkarrekin kafe bat hartzeko gai izatea lortu behar dugu''.
Txema Herzog PPko zinegotziaren hitzetan, ''denon kontaketa izan behar dugu kontuan, kontaketa horietako bat bera ere ez ahazteko''.
Solasaldian parte hartu duten guztien zintzotasuna eta mahaian eserita egon diren biktimen ausardia eskertu ditu Julen Mendozak.
''Bakerako eta elkarbizitzarako bidea egiteko gaur ere harri berria jarri dugu'', gaineratu du.