Politika -
Atxiloketa
Patxi Segurola ETAko kidea atxilotu dute Frantzian
Espainiara estraditatzeko agindua emanda zegoen.
Erredakzioa
Jendarmeek Patxi Segurola ETAko kidea atxilotu dute Frantzian. 57 urte ditu Segurolak, eta, terrorismoaren aurkako iturriek Europa Press agentziari emandako informazioaren arabera, Espainiara estraditatzeko agindua zuten.
Segurolari hiru hilketa saiakera egotzi zizkioten, 1991n Donostiako Loiolako kuartelean egindako atentatuagatik. Zehazki, tiroen egilea izatea egotzi zion Auzitegi Nazionalak.
Bestalde, 'Donosti' taldearekin ere lotzen du Ertzaintzak Segurola, 1995ean Enrique Nieto komisarioaren kontra egindako atentatuarekin zerikusia duelakoan.
Frantziako Poliziak 1999an atxilotu zuen Segurola, Idronen, Pauetik gertu. Jon Bienzobasekin eta Argi Perurenarekin batera atxilotu zuten, egun batzuk lehenago izandako dinamita lapurreta batekin zerikusia zuelakoan.
2005ean 15 urteko kartzela zigorra ezarri zion Parisko auzitegi batek.
Estradizio aginduak
Parisko Apelazio Auzitegiak ez zuen onartu 2000. urtean Segurola espainiaratzeko agindua, 1991eko atentatuan parte hartu izana frogatuta ez zegoela argudiatuta.
Beste behin ere atzera bota zuten estradizio agindu bat, eta, azkenik, Pariseko Apelazio Auzitegiak Segurola espainiaratzeko agindua onartu zuen 2012an.