Politika -
Behin-behineko espetxealdian
ETAko bi kideri kalte-ordaina ordaintzera zigortu dute Frantzia
Estrasburgoren ustez, neurriz gainekoa izan zen Patxi Abad Urkixori eta Jose Miguel Almandoz Ervitiri ezarritako behin-behineko espetxealdia. Frantziak 5.000 euro ordaindu beharko dizkie.
Erredakzioa
Kalte moralengatik, ETAko bi kideri 5.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Frantzia. Hala, Patxi Abad Urkixori eta Jose Miguel Almandoz Ervitiri ezarritako behin-behineko espetxealdia neurriz gainekoa izan zela ebatzi du Estrasburgok, ia sei urtez luzatu baitziete ETAko bi kideei behin-behineko espetxealdia.
2003an atxilotu zituzten Frantzian Abad Urkixo eta Almandoz Erviti. 2009a arte, baina, ez zituzten epaitu. Zehazki, 10 urteko zigorra ezarri zioten Patxi Abad Urkixori eta 12 urtekoa Jose Miguel Almandoz Ervitiri, talde terroristako kide izateagatik.
Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Frantziak ez zituen bete Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Hitzarmenaren hainbat atal. Zehazki, ''arrazoizko epe batean epaituak izateko edo askatuak izateko pertsonek duten eskubidea'' bete ez zutela ebatzi du.