Politika -
Gipuzkoa
PSEk PP eta EAJren babesa nahi du Garitanori zentsura mozioa jartzeko
Markel Olanok (EAJ), baina, dagoeneko iragarri du jeltzaleek ez dutela ekimenarekin bat egingo. Ondorioz, ezain izango dute mozioa erregistratu.
Erredakzioa
PSE-EEk Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kontra jarri nahi duen zentsura mozioa aurkeztu du gaur. Testua Gipuzkoako hamar batzarkide sozialistek sinatu dute, baina gutxienez 15en babesa behar da erregistratu ahal izateko; hori dela eta, babesa eskatu die EAJri eta PPri.
Markel Olano EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen ordezkariak dagoeneko iragarri du jeltzaleek ez dutela ekimenarekin bat egingo. Ohar batean jakitera eman duenez, Olanok azaldu du EAJk ez duela ''Bilduren aurkako inongo frontetan'' parte hartuko.
Ondorioz, sozialistek ezin izango dute mozioa erregistratu. Izan ere, Batzar Nagusietan zentsura mozioa aurkeztu ahal izateko, 15 batzarkideren babesa behar da gutxienez. PSE-EEk hamar ditu gaur egun, PPk bi eta EAJk 14.
PSE-EEren arrazoiak
PSE-EEren batzar nagusietako bozeramaileak Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, ez du "ezer handirik espero" Garitanoren aldetik datorren astearteko Politika Orokorreko osoko-bilkuran.
Bilduren foru gobernuak "Gipuzkoako gizarteari huts egin" diola kritikatu ostean, lurralde historikoaren egoera "oso larria" dela azpimarratu du. Horren harira, Aldundiak Batzar Nagusiei "entzungor" egiten diela, "inposizio eskemak" eta "iraganeko jarrera" dituela eta gipuzkoarrentzat "kaltegarria" dela salatu du.
Adibide gisa hondakinen kudeaketa eta enplegua eta ekonomia sustatzeko adostu zuten 7,6 milioi euroko plana abian jartzeko ustez izan diren eragozpenak aipatu ditu.
Romerok "lan gehiago eta kritika gutxiago" eskatu die oposizioko alderdiei.