Politika -

Alderdi Eguna

EAJk Euskadiren naziotasuna indartu nahi du Europaren baitan

Jaurlaritza berreskuratu osteko lehen Alderdi Egunean, Iñigo Urkulluk eta Ortuzarrek euskal nazioa izan dute hizpide eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Alderdi Eguna 2013, Forondan
Alderdi Eguna 2013, Forondan
EAJk Alderdi Egunaren 36. edizioa ospatu du Forondako zelaietan

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi Europan nazio modura aldarrikatu du gaur Eusko Alderdi Jeltzaleak Alderdi Egunean, urtero legez Forondako zelaietan. I am basque, bere garaian Jose Antonio Agirre lehendakariak famatu egin zuen esaldia, goiburu hartuta egin dute aurtengo zita. Lehendakariak aspaldi egindako adierazpenaren indarra gaurkotzea izan baita jeltzaleen helburua.

Jaurlaritza berreskuratu osteko lehen Alderdi Egunean, Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek, lehendakari eta alderdiko presidente direnez gero, hitz egin dute lehen aldiz. Biek ala biek behin eta berriro errepikatu dute aurtengo leloa: I am basque. Halaber, euskal nazioa izan dute hizpide eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Euskadiren naziotasuna

EAJk aldarri hura, Euskadiren naziotasuna, indartu nahi du Europaren baitan. Helburu horri begira, bakea eta elkarbizitza sendotzeko konpromisoa berretsi dute hizlariek, baina lehentasuna susperraldi ekonomikoari emanaz.

"Hasteko aukera dugu. Premiazkoari eman behar diogu garrantzia, krisialdi hau gainditu eta atzeraldia atzean utzi" esan du Lehendakariak. "Enpleguaren bidera itzuli behar gara, eta horretarako enplegua sortu behar dugu" gaineratu du.

Halaber, bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk Euskadiren etorkizuna Euskadin erabakiko dela esan du. Bestalde, bakearen bidean beharrezko ikusten ditu ETAren desarmea eta gobernuak espetxe politika aldatzea.

Andoni Ortuzarrek, alderdiko presidenteak, berriz, helburua euskal nazioa dela esan du, baina presarik gabe. "Jatorri euskaduneko hiritarrak Europan dagoen herrien aniztasunekin, hori da nahi duguna. Geurea maitatu nahi dugu, besteena gorrotatu gabe. Hain zaila da ulertzea?" adierazi du EBBko presidenteak.

Jai giroa eta aldarrikapena

Jai giroa eta aldarrikapena nahastu dira gaur Forondan. Besteak beste, 400.000 metro karratuko eremua erabili dute ekitaldirako. Horietako 130.000 metro gune nagusirako izan dira, eta beste 25.000 metroetan karpak jarri dituzte. Gainera, 28 txosna, 140 jantoki eta 20.000 bazkari inguru eman dira egun osoan.

Ekitaldian hainbat alderditako ordezkariak izan dira; horien artean, BNG, CDC eta Coalicion Canaria alderdikoak, bai eta Frantziako, Venezuelako, Uruguaiko, Panamako, Kubako eta Peruko alderdietakoak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea