Politika -
Algorta
Herrialdea norekin eraiki nahi duen argitzeko eskatu dio EAk EAJri
Euskal bidearen alde agertu da EAko burua, eta bide hori egiteko eragile politikoen eta sozialen parte-hartzea ezinbestekoa dela gaineratu du.
Erredakzioa
EH Bilduk proposatu duen euskal bideari jeltzaleek eman dioten aurkako erantzun bortitzarekin "harrituta" mintzatu da Pello Urizar EAko idazkari nagusia, eta herrialdea norekin eraiki nahi duen argitzeko eskatu dio EAJri.
EH Bildu Eusko Jaurlaritza babesteko prest agertu zen atzo, jeltzaleek euskal bidea egiteko konpromiso "garbiak eta zehatzak" hartzen badituzte. Eskaera horren harira, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan zuen ezker abertzalea beti berandu heltzen dela eta gertaeren arabera hartzen dituela erabakiak.
Algortako Alkartetxearen sorreraren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da Pello Urizar Carlos Garaikoetxea EAko sortzaile eta buruzagi ohiarekin batera. Urizar "harrituta" agertu da jeltzaleek EH Bilduren proposamenari eman dioten erantzunarekin.
Urizarren esanetan, Euskal Herriak bere bidea egin behar du, eta bide hori egiteko eragile politikoen eta sozialen parte-hartzea ezinbestekoa dela gaineratu du.
"EAJk bide alternatiboaren aldeko hautua egin du, eta 15 urte egin du atzera Ardanzaren garaira", Urizarren arabera. "Atzerapauso bat da azken 15 urteotan gertatu dena alboratu eta baztertu dutelako, esaterako, Lizarra Garaziko akordioa, Udalbiltza eta Ibarretxe lehendakariaren lana", gaineratu du.