Politika -

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza eragileek 'Gizalegez' bizikidetzarako akordioa babestu dute

Jaurlaritzak bultzatutako akordioak Euskadiko hezkuntza alorreko erakundeen babesa jaso du, baina ez du ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen sinadura lortu.

Jonan Fernandez, hitzarmenaren sinatzaileekin. EFE.
Jonan Fernandez, hitzarmenaren sinatzaileekin. EFE.
Hezkuntza eragileek 'Gizalegez' bizikidetzarako akordioa babestu dute

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza alorreko euskal eragileek bizikidetza-hezkuntzaren oinarriak ezartzen dituen hitzarmena sinatu dute gaur Donostian. Itunaren helburu nagusiak “bake-kulturaren sustapenak” bultzatzea eta “gatazka suntsitzaileak” aurreikustea dira, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzako Idazkari nagusiak azaldu duenez.

Jaurlaritzak bultzatutako akordioak Euskadiko hezkuntza alorreko erakundeen babesa jaso du, baina ez du ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen sinadura lortu.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateen errektoreak, Iñaki Goirizelaia (EHU), Jose Maria Guibert (Deusto) eta Iosu Zabala (Mondragon) ekitaldian izan dira, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuarekin eta Jonan Fernandezekin batera.

Hitzarmenaren edukia

Unibertsitateko bi ikaslek hitzarmenaren edukia irakurri dute. Itunak lau oinarri finkatzen ditu “bizikidetza-hezkuntzarako”. “Bake-kulturaren sustapenak eta gatazka suntsitzaileen, giza eskubideen urraketen eta mota guztietako indarkeria fenomenoen prebentzioak lotura zuzena dute bizikidetzaren urraketaren honako lau arrazoi hauei ematen zaien erantzunarekin: dogmatismoa, fatalismoa, manikeismoa eta sektarismoa”.

Horrenbestez, lau hezkuntza-oinarri “alternatibo” ezartzen ditu hitzarmenak.Lehenengoa, ‘Kenketa’: “Bizikidetza zera da, gure ikuspegia beti osatu gabea dela onartzea. Mugen esperientzia hezigarriak dogmatismoari aurrea hartzen dio eta elkarrizketa eta indarkeriarik eza sustatzen ditu”.

Bigarren oinarria ‘Batuketa’ da: “Zailtasunen artean aukerak sustatzen ikastea. Balio positiboaren esperientzia hezigarriak fatalismoari aurrea hartzen dio eta aniztasuna sustatzen du”.

Hirugarren oinarria, ‘Zatiketa’: “Egoera bakoitzean gure erantzukizun etikoa gure gain hartzea. Kontzientzia etikoaren esperientzia hezigarriak manikeismoari aurrea hartzen dio eta enpatia eta elkartasuna sustatzen ditu”.

Azkenik, laugarren oinarria ‘Biderketa’ da: “Giza duintasunaren errespetuaren goi-mailako balioa ulertzea. Giza duintasunaren esperientzia hezigarriak indarkeriara jotzeari aurrea hartzen dio eta giza eskubideen errespetua sustatzen du”.

'Abiapuntua'

Jonan Fernandezek aurkezpenean esan duenez, akordio honen aurrekaria, Eusko Jaurlaritzaren bake plana ez ezik, "hezkuntza komunitatea duela hainbat urtetik bakerako, bizikidetzarako eta giza eskubideetarako hezkuntzaren arloan egiten ari den lana ere bada".

"Akordioa ez da helmuga, abiapuntua baizik", Fernandezen hitzetan, eta "elkarbizitzarako hezkuntza hobetzea" du helburu. Bestalde, ELA sindikatuak ez du "oraingoz" testua sinatu; ohar batean, konpromisoari balioa aitortzen dio, baina arreta "edukian" jarri behar duela, behar den bezala diseinatu behar dela eta pedagogia baliabidez hornitu behar dela gehitu du sindikatuak. Ekimena "aurrerakadatzat" hartu du ELAk, baina aurretik "normalizazio politikoan eta elkarbizitzan aurrera egiteko akordio politiko eta sozial oinarrizkoak hitzartu behar dira eta hori ezin da hezkuntza komunitatearen bizkar utzi", sindikatuaren iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea