Politika -

Poliziaren eguna

Fernandez Diazek ETAren kontra egiten jarraitzea eskatu du

Barne ministroaren arabera, Poliziaren erronka nagusien artean ETA "erabat desagertzea" dago, eta, horren ustez, "inoiz baino hurbilago dago".

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ETAren kontra egiten jarraitzea eskatu dio Poliziari. Horren ustetan, desagertzea "gertuago" dago, Herrira presoen eta errefuxiatuen eskubideak defendatzen dituen plataformaren kontrako operazioak erakutsi duenez.

Poliziaren Egunaren harira egindako hitzaldian esan duenez, Poliziaren erronka nagusien artean ETA "erabat desagertzea" dago, eta, horren ustez, "inoiz baino hurbilago dago".

Fernandezen esanetan, "desagertzea gertuago dago, eta Poliziak aurreko urteetako bideari eutsi behar dio. Ez gaituzte garaitu, nahiz eta min handia eragin diguten".

Guardia Zibila eta Frantziako Polizia goraipatu ostean, Fernandez Diazek ez du jihadisten terrorismoa ahaztu, eta Poliziak muturreko erradikalak kontrolpean izateko lana nabarmendu du, horien ideologia edozein dela ere.

Elkarretaratzeak ostiralean

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte ostiralerako, 12:00etatik 12:30era, Euskal Herriko lantokietan, "Herrira presoen eskubideen aldeko elkartearen aurkako polizia operazio bidegabearen aurka".

ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, "gaitzespen irmoa" erakutsi dute, protesta deitu duten sindikatu guztien izenean, "astelehenean 18 pertsona atxilotzea ekarri duen erabaki politikoaren aurrean".

18 atxilotu

Guardia Zibilak Herrira ETAko eta ezker abertzaleko presoen aldeko plataformaren aurkako operazioa egin du astelehen honetan.

Agenteak Bilboko, Hernaniko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan sartu dira, eta 18 pertsona atxilotu dituzte, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak baieztatu duenez.

Gasteizko egoitzan zegoen pertsona batek kazetariei azaldu dienez, terrorismoa goratzea eta ETA finantzatzea egozten dietela jakinarazi die Guardia Zibilak atxilotutakoei.

Hain zuzen ere, hauek dira atxilotutakoak: Amaia Esnal, Nagore Garcia, Eneko Ibarguren, Jexux Mari Aldunberri, Ekain Zubizarreta, Manu Ugartemendia, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oscar Sanchez, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas eta Fran Balda.

Atxiloketa gehienak, hamar, Hernaniko egoitzan egin dituzte, bilera bat egiten ari ziren unean. Gainerako zortzietatik, bost Gipuzkoako beste leku batzuetan atxilotu dituzte, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea